PROPOSAMENAK

Antso Azkarra etxean da

Makeako Jostakin elkarteak 'Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda' antzeztuko du gaur Iruñean. Antton Lukuk idatzitakoa da, eta zirtzil izandakoek eginen dituzte aktore lanak

Antso Azkarra eta Miramolinen esmeralda antzezlana, Makean (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Mitoaren arabera, Navas de Tolosako guduan du jatorria Nafarroako armarriak. 1212ko uztailaren 16an gertatu zen, eta garai hartako Nafarroako errege Antso VII.a Azkarrak parte hartu zuen. Kondairaren arabera, katez lotutako gizon tropa batek babestu zuen Muhammad al-Nasir Miramamolina kalifaren denda, eta, hain zuzen ere, Antso Azkarra izan zen kate horiek hautsi zituena. Musulmanek galdu zuten guda, eta hor hasten da Antso Azkarra eta Miramamolineko esmeralda herri antzezlana.

Nafarroa Garaira itzuliko da gaur Antso Azkarra, XXI. mendeko euskal herritar batean berraragiztaturik. Etxera itzuliko da, Nafarroako hiriburura. Antzezlana Iruñeko Santa Ana plazan izanen da, 18:00etan, eta sartzea libre. Bi orduko antzezlana da, eta Makeako (Lapurdi) Jostakin antzerki elkartea arduratuko da obra taulan ezartzeaz. Besta giroan pasako da, izanen baita tragoren bat hartzeko aukera, baita fanfarre baten musika ere.

Antton Lukuk 1997an idatzi zuen Antso Azkarrari buruzko obra, eta Makea eta inguruetako herritarrek bere egin dute, Peio Berteretxe zuzendari dutela. Navas de Tolosako gudua, erresumaren mendebaldearen galera eta galtze horren ondorioak aipatzen ditu antzezlanak, baina abisua eman du Berteretxek: «Ez da historia ikastaro bat izanen; historialariak ohartuko dira horretaz. Dena den, ez da hori helburua, baizik eta proposatzea Antso Azkarraren pertsonalitateari buruzko hipotesi batzuk, drama bat, kondaira bat, istorio bat...». Beraz, gertakari historikoekin batera ageri dira obran Lukuk erantsitako antzerki osagaiak. Erregearen argiak eta itzalak erakutsiko dituzte: «Antso agertuko da edozeinek dituen makurrekin».

Zirtzilak aktore

Herri antzerkia da gaur Iruñean aurkeztuko dutena. Badu libertimendutik, baina badu antzerki klasikotik. Izan ere, taulan ariko direnak zirtzilak izan dira aurretik, eta hori sumatuko du ikusleak. «Hor bagenuen erronka bat. Uste dut zirtzilak izugarri ontsa elikatzen duela antzerki klasikoa edo klasikoago bat, eta antzerki idatziak ere elikatzen duela zirtzila», azaldu du Berteretxek.

Antzezlekua ez da ausaz aukeratu. Santa Ana plazan egiten da Iruinkokoa Iruñeko inauteri euskalduna. Hain zuzen ere, Iruñeko zenbait elkarte euskaltzalek antolatu dute gaurko jarduna; Iruinkokoa bultzatu zutenek, besteak beste. «Tokiak badu indar sinbolikoa, libertimenduak egiteko erabiltzen baitute. Hori biziki maite dut», onartu du antzezlanaren zuzendariak.

Antzezlanak hirugarren geltokia du gaur Iruñean. Makean aurkeztu zuten estreinakoz, uztailaren 2an, eta Donibane Garazin ere eman zuten, abuztuaren 14an. Gaurkoa ez da izanen antzezlana ikusteko azken aukera. Irailaren 30ean bi saio eginen dituzte Baionan, horietako bat Etxepare lizeoko ikasleei zuzendua; urriaren 8an Aiziritzeko kiroldegian (Amikuze, Nafarroa Beherea) ariko dira; eta urriaren 15ean, Hazparnen (Lapurdi), Mendeala gelan.

'Antso Azkarra eta Miramolinen esmeralda'

Gaur, 18:00etan, Iruñeko Santa Ana plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.