«Holozenoa amaitu da. Edengo lorategia galdu da», esan zuen David Attenborough dokumentalgileak joan zen astean, Suitzan, Davosko goi bileraren aurretik eginiko agerraldi publiko batean. Netflix plataformak Our Planet dokumental sailaren zortzi atalestreinatuko ditu apirilaren 5ean. Horrekin milioika ikuslerengana heltzea espero duela adierazi du naturalistak, Lurraren gainbeheraz ohartarazteko.
Naturarentzako Mundu Funtsa WWF erakundearen eta Silverback Films ekoiztetxearen laguntzarekin egin dute dokumental saila. Attenboroughek bere ahotsa jarri dio, eta harekin BBCrentzat lan egiten duen talde berak egin du Our Planet. Steven Price eta Komeil S. Hosseini konpositoreek sortu dute musika.
«Ni beste aro batekoa naiz, literalki», esan du 92 urteko Attenboroughek. Azaldu duenez, Holozenoan jaio zen bera. Duela 11.650 urte hasi zen Holozeno deituriko aroa, azken glaziazioaren ondoren. Naturalistak azaldu duenez, klima egonkorreko aroa izan da Holozenoa, «gizakioi kokatzeko, nekazaritzan aritzeko eta zibilizazioak eratzeko aukera eman ziguna».
Zientzialariek Holozenoa amaitutzat eman dutela, eta orain Lur planeta Antropozenoan dagoela gogoratu du naturalistak. Gizakien aroa da Antropozenoa, eta ideiak inplikatzen du Homo sapiens espezieak Lurrean duen eragina planeta itzulbiderik gabe aldatzeko adinakoa dela, glaziazioen parekoa, esaterako. «Ez da edertasun, interes edo miresmen kontua; giza bizitzaren osagai funtsezkoa da planeta osasuntsu bat izatea, eta hori suntsitzeko zorian gaude».
Errutik harago
Errudun sentipenetik eta errudunak bilatzeko saiotik harago joan behar dela esan du naturalistak. «Eskura dauden neurri praktikoei ekin behar diegu». Planetak pairaturiko gainbeheraren lekuko zuzena izan da Attenborough. Dokumentalak egiten hasi zen 1954. urtean. Geroztik, 120 lan luze baino gehiago egin ditu, dozenaka dokumental labur, eta 28 liburu inguru argitaratu ditu.
Dokumentalgileak onartu du harrituta dagoela Lurraren aldaketaren abiadarekin. Edonola ere, nabarmendu du gaurko komunikabideen irismena erabiltzeko aukera daukala. Duela 60 urte telebista «Ingalaterrako hegoaldeko milioi gutxi batzuengana baino ez zen iristen», adierazi du. Orain, ordea, «Lurreko edozein herrialdetako ehunka milioi pertsonengana aldi berean» helduko dela gaineratu du.
Attenbororoughek gogoratu du dokumentalak egiten hasi zenean taldea bera eta kameraria izaten zirela. «Dagoeneko ez dira horrela egiten filmak, ez behintzat kalitate honetako egitasmoak». Our Planet sailean, 300 bat kamerariren lana agertuko dela iragarri du.
WWFk dokumentalak egiteko behar zuten informazioa eta aholkuak eman dizkie, eta natur guneetara sartzeko aukera.
Antropozenoaz ohartarazteko sail bat iragarri du David Attenboroughek
Apirilean estreinatuko da 'Our Planet' dokumental sorta; Lurraren gainbehera erakutsiko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu