ATZEKOZ AURRERA. Beatriz Villahizan. Nafarroako SOS Arrazakeriako kidea

«Antiarrazista izan beharra dago»

Arrazakeriaren aurka sutsu ari da lanean Villahizan, SOS Arrazakeria taldeko beste kideekin batera. Nafarroako bozeramaileetako bat da, eta gaurko kontzertu solidarioaren antolaketan ere aritu da.

IIÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kontzertu solidarioa antolatu dute gaurko Benation musika taldeak eta SOS Arrazakeria elkarteak. Oraindik ere asko baitago egitekoarrazakeriaren aurka. AtarrabiakoTotem aretoan (Nafarroa) izanen da, 19:00etan, eta han izanen dira, besteak beste, Kutxi Romero, Burbonking, La Chula Potra, Vendetta, Danbakhana Afrikar Arima eta Benation bera. Beatriz Villahizan (Burgos, Espainia, 1982) Nafarroako SOS Arrazakeria taldeko kideak dioenez, oraindik ere ez da argudiorik falta halako ekitaldiak antolatzeko.

Zergatik antolatu duzue jaialdia?

Arrazakeriaren aurkako borrokan ez da motiborik falta, egia esan, zoritxarrez. Gizarteak aurrera egin, nahastu eta mestizo egin arren, arrazakeria instituzionala ez da ari hobetzen. Egunetik egunera okertzen ari da. Jaialdia Beltxak eta Kutxi Romerok antolatu dute, eta haiekin lan egiteko eta jaialdia gure egiteko aukera eman digute. Opari bat izan da; beharrezkoa, baina oparia.

Etorkinen zentro itxietako pertsonak laguntzea da helburua. Zer gertatzen da zentro horietan?

Modu irregularrean diren pertsonei askatasuna ebatsi, eta gehienez 60 egunez izan ditzakete etorkinen zentro itxietan. Ofizialki ez dira presoak, ez dutelako deliturik egin, baina Atzerritarren Legeak praktika horiek onartzen ditu. Pertsonen kanporatzea errazteko sartzen dituzte hor, ustez. Baina gero ez da horrela izaten. Hor sartzen den jende asko ez dute deportatzen, eta, kontrara, deportazio masiboak egiten dituzte, oso denbora gutxi han sarturik dituztenak oso azkar kanporatuz. Gure ustez, zentro horien helburu ofizial penagarri eta legez kontrako horretaz gainera, badago beste funtzio garrantzitsu bat: barne muga markatu eta pertsona migratzaileak beldurtzea, guk geuk gure mugimendua mugatzeko, edozein momentutan han sartzen ahal zaituztelako. Gainera, zentro horietako egoera tamalgarria da. Osasun arreta falta da, laguntza juridikoan hutsuneak daude, oinarrizko eskubideak etengabe urratzen dira, jipoiak izaten dira, eta tratu txarrak salatzeagatik jendea deportatu egin dute. Helburua zentroak behin betiko ixtea da, baina Europako legeek ez dute halakorik aurreikusten. Legedi berriarekin zentroak betikotu nahi dituztela uste dugu, beste izen bat jarri. Mozorroa jantzi eta beste modu batera saldu nahi dizkigute.

Zertarako erabiliko duzue jasotako dirua?

Ez dakigu nori emanen diogun. Baina diru hori zentro horiek salatzeko eta haien inguruan sentsibilizatzeko erabiliko dugu. Guk Madrilgo Aluche zentroan dagoen jendearekin lan egiten dugu bereziki, Iruñean atxilotu edo identifikatutako jendea hara eramaten dutelako. Lan hori indartzen jarraituko dugu, pertsona horiek artatzen segitzeko. Oso egoera larrian daude, edozein momentutan deportatzen ahal dituztelako.

Kontzertuak mezu argia du: arrazakeriarik ez. Beharrezkoa da noizean behin gogoraraztea?

Arrazista ez izatea ez da aski; «ni ez naiz arrazista» hitzekin hasitako esaldiak gaizki bukatu ohi dira. Antiarrazista izan beharra dago, arrazakeria mahai gainean jarri, eta haren aurka aktiboki borrokatu. Sistemak sortu eta erabiltzen duen tresna da, gehiegikeriak eta diskriminazioak justifikatzeko. Oraindik ongi funtzionatzen die, eta hainbat diskurtsok oraindik ere harrera ona izaten dute gizartean. Lan handia dago. Erakundeen lana beharrezkoa da.

Zein da Nafarroako egoera, arrazakeriari dagokionez?

Lehendik bazegoen horretarako giro bat gizartearen diskurtso, mito eta estereotipo batzuetan, eta krisi garaian erraza da estereotipo horiek erabiltzea. Batik bat murrizketen politikak kezkatzen gaitu: foru gobernuak egin duen politika horrekbete-betean jo du biztanleria migratzailea, batik bat egoera irregularrean daudenak. Oinarrizko errenta jasotzeko aukera galdu zuten bere garaian, denbora batez osasun arretarik gabe egon ziren —gero horri adabakia jarri zioten, baina artatuak izateko ezin zuten aurrekaririk izan— eta abar. Azkenean lortu dugu Nafarroa mailako lege bat pertsona guziak artatuak izan daitezen. Baina egia da oinarrizko laguntzetan eta osasun arretan egindako murrizketek kolektibo horri eragin diela gehien.

Horrez gain, instituzioen hainbat diskurtsok kriminalizazioa dute helburu, eta iruzurra sorterriarekin lotzen saiatzen dira. Horrek asko kezkatzen gaitu. Bestalde, etniagatik egiten diren polizia identifikazioen presioa ez da baretu. Biztanleria migratzailea —eta irregularra batez ere— hesitu egin dute. Haien baliabideak murrizten dituztela dirudi, pixkanaka euren burua desagerrarazi eta zaratarik egin gabe alde egin dezaten. Neurri horiek koldarrak direla uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.