«Hiru pare 10 euroan», Tia Mariaren eskaintza Iruñeko Alde zaharrean. «Potxolo», Pascual Molonguaren agurra Bilbokoan. Lok ez ditu Senegalgo kontuak kontatu nahi Baiona Ttipian. Cibeles-ek nahi adina istorio ditu kontatzeko entzun nahi dituenarentzat Gasteizen. Txantxillo-k pezetatxo bat eskatzen zizun eta irribarre bat eskaini Donostian. La Pirula-ri erretiroa hartzear zela jarri zioten litxarreriak saltzeko kioskoa Tolosan (Gipuzkoa). Arrastoa uzteko ez da askotan beharrezkoa inork norberari buruz lerroak trumilka idaztea. Arrasto sakonagoa uzten dute askotan lerrorik kasik izan ez dutenek. Bada, hau ariketa bat da lerroak eta arrastoak orekatzeko.
Tia Mariaren heriotzak jarri du lerroen abiapuntua, ohartzeko nola, berez bazterrera kondenatua izateko arriskuan egonda, zenbaitek erdira egin izan duten. Jende anonimoa, izatez. Baina jendearen miresmena eta errespetua irabaziak, egitez. Iruñeko Alde zaharreko Merced kalean jaio eta bizi izandako ijitoa, irailaren 3an zendu zen, 86 urte zituela, eta bat-batekoa izan zen erreakzioa eta dolumina. Inprobisatua, baina benetakoa. Galtzerdiak zintzilikatzera deitu zuten Alde Zaharrean. Haiexek baitzituen emangai eta bizigai. Nor zen? Egin dira soslaiak hil ondorengoak. Hedoi Etxarte idazle eta editoreak BERRIAn 2017ko uztailean egin zuen berea, artean bizi zela. Nekez egokiagorik: «Maria: galtzerdiena. Istorioen ehizan bizi den herri batean dokumental bat izango luke. Honezkero bi-hiru irrati tertuliatara joateko gonbita egingo liokete. 83 urte dauzka astelehenetan. 82 ostegunetan. Beltzez lepotik oinetakoetara astelehenetik igandera. Eta poltsa bat arropa eta kremekin ostirala bitarte. Hilko denerako egunkariko mezua ordaindua dauka bere senarrari bezala ez gertatzeko. Ez duela abizenik jarriko, inork ez luke jakingo nor den. Jarriko duela «Maria: galtzerdiena». Hiru pare: 10 euro. Txinako Herri Errepublikan eginak. Beltzak. Zuriak. «Ikurrinarenak sanferminetan saltzen dira bereziki». «Baduzu bikotekidea?». «Ez badizut agur esaten zuk esadazu, despistatua naiz». «Zer moduz zure andrea?». «Hartu gaur, bihar ordaindu». Maria. Ondare material bat. Liburutegi bat: funtsa eta nobedadea. Hamabi urtez alargun. Jainkoaren zain, baina presarik gabe. Tentsioa baxua daukala. Eta igotzeko kale Nagusian kroketa bat jan du. Maria. Iruñeko Alde zaharreko prekarioen galtzontzilloen hornitzailea. Bilobak dauzkala hamaika. Eramaten die jatekoa eskolara. Guk Lenin esaten diogu, berak «Jesús de Nazaret». Egongo bada iraultza, egongo da Maria gure udako unibertsitatean».
Petra. Arantxa Orbegozo artista, Petra Pintado La Petra-rekin eta hormako irudian harekin batera agertzen diren zenbait lagunekin, haren omenaldian, Tolosan. BERRIA
Ezagutu zutenek hartaz duten iritzia hori da, nolabait. Ijitoa zen, eta emakumea. Anonimoa, baina ezaguna. Nola iritsi zen horren modu eder eta goxoan jendearengana? «Karisma berezia zuelako», dio Ricardo Hernandezek, Gaz Kalo elkarteko presidenteak: «Karisma bereziko emakume bat zen. Beti Iruñeko Alde zaharrean. Galtzerdi eskukada batekin atera zuen bizia aurrera. Baina hori baino gehiago zen: lortu zuen konektatzea adin eta kolore guztietako jendearekin. Ijito nafar bat zen. Berrio familiakoa».
Hernandezek gogoan ditu emakume ijito nafar gehiago: Tia Camino —«hura ere Iruñeko Merced kalekoa; ijito asko bizi izan da han beti, horregatik du frontoiak izenak Ijito Alaia»—, Tia Gloria Tafallakoa —«omenaldi berezia egin zioten hari ere, oso maitea izan zen»—. Izan ere, Gaz Kalo elkartean, bazuten horrelako mezu positibo eta baikorren beharra: «Ijitoak berriro jomugan jarri gaituzte garai hauetan. Seinalatuak izan gara. Historikoki bai, baina orain ere bai. XV. mendean izurri beltzarekin, eta orain, COVIDarekin... Herriak egindako omenaldi hauek asko eskertzen dira, oso bat-batekoak direlako. Nolabait, duin egiten gaituzte. Harro gaude eta hunkituta egin dutenarekin».
Iritzi berekoa da Hedoi Etxarte ere. Mariari buruzko soslai hura duela hiru urte idatzi zuen, baina haren heriotzak eragindako erreakzio bat-batekoak gaur du balioa. Pertsonez, pertsonaiez eta haien indarraz mintzo da: «Pertsonaia nabarmenek lortzen dute beren lagun eta sendien muga hori gainditu eta pertsonaia izatea. Sarritan, duten ofizioa ala duten afizioa arrunt-arrunta izan daiteke. Baina badute alde bat, eta da munduaz duten ideia zabaldu egiten dutela».
Tia Maria. Iruñeko Alde zaharreko banku batean, atseden hartzen. BERRIA
Izan nortasunagatik, karismagatik, auzoei nortasuna emateko duten gaitasuna eta horren balioa nabarmentzen ditu Etxartek: «Batzuetan estiloa da kontua, beste batzuetan duten gogoeta, ala memoria, ala grazia. Munduari zabalik bizi den jendea izaten da, gogoangarriak izan ala gaitzesgarriak izan. Baina haiek gabe, auzoak jan eta lo egiteko tokiak lirateke, askoz toki indibidualistagoak, pertsona horiei esker auzo oso batek partekatzen dituelako dozena erdi erreferente. Erreferente horiek ez dituzten auzoak, topalekuak ez dituzten auzoak bezala, desastre hutsa dira».
Proiektu bat maiteenei
Erreferentzialtasunetik eta omenalditik du asko Arantxa Orbegozo artistaren (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Entrañables proiektuak ere. Ikerketa lan baten emaitza da. 12 urtez jositako sarea. Kaleko artea, kaleko jendearekin eta haren oroimenarekin uztartua. Nola sortu zen? Orbegozok berak azaldu du: «Tolosako kiroldegira joan nintzen lagun batekin bazkaltzera. Herriko kirolari ezagunen omenez plakak daude han sarrera jarrita. Eta ongi iruditzen zait, baina zer pentsatua eman zidan: ezagunei bakarrik egin behar zaizkie omenaldiak herri honetan? Gure bihotza ukitu duten horrenbeste lagun daudenean! Izate hutsagatik, edo izan eta egiten zutenarengatik bakarrik hunkitu gaituen jendea, aldare handietan jarri gabekoa, jende sinplea, baina sinpletasun horren barruan bizitza handiak izan zituztenak. Eta horrela abiatu nuen proiektua».
Helburuek bete-betean jotzen dute herria eta komunitatea: «Helburua da komunitate horri itzultzea berez berea dena, herriaren egunerokoan txertatuta». Nola? Kaleko artearen bidez.
Tantxillo. Santiago Hernandez Txantxillo, Donostian, artxiboko argazki batean. CARLOS VILLAGRAN
Arrisku bat ikusten baitu Orbegozok: «Garai hauetan, egunak geroz eta azkarrago doaz. Baina ez baditugu maitatuak izan ziren pertsonaia horiek erreskatatzen, ahanzturan galduko dira denak, eta haiekin eramango dituzte pasadizoak, oroitzapenak, eta bizi izan ziren herrietako nortasunaren zati handi bat».
Teresa Gonzalez La Pirula-ri buruzkoa izan zen lehenengo margolana bere proiektuan. Tolosan litxarreriak saltzen zituen emakume heldu bat zen La Pirula —etxean senarrarekin egiten zituen Pirulo goxokietatik zetorkion ezizena—. Maitatua orduko haurren eta orain heldu direnen artean. Hori da ariketa: oraingo haurrek ez dakitena orduan haur izandakoek azaltzea. Eta horixe da Orbegozoren lehen margolan hark sortu zuen efektua: La Pirula-k litxarreriak saltzen zituen toki berean jarritako hormako irudiak haren bueltan biltzea jendea, elkarbanatzea oroitzapenak, eta La Pirula ondare bihurtzea.
Roberto Jauregi Roberto Canicas, Petra Pintado La Petra, Sor Vicenta, Santiago Hernandez Txantxillo eta Andresa Portugal dira proiektuko beste omenduak. Guztiei buruzkoak landu, ikertu eta margoz gorpuztu ditu Orbegozok. Ikusgai ditu jendeak Tolosan eta Donostian. Horman pintzelez bezala, memoriaz jaso eta hitzez ematen ditu guztiei buruzko zertzeladak. Hil ondoren egindako omenaldiak izan dira asko, baina bizirik zirela egindakoek hunkitu zuten bereziki Orbegozo. La Petra-rena izan zen horietako bat. «Petra adoptatua zen: Miserikordiakoa. Eta Miserikordia Tolosan zen, bada, pentsa... 'Zu Miserikordiakoa zara' esatea zen garai hartan herri hartan esan zitekeen irainik okerrena. Baina emakume horrek lortu zuen Miserikordia ezagutzera eman eta herriaren beheko eta goiko aldea batzea. Haren eskutik joaten ziren kalean haur umezurtzak eta adimen urritasuna zutenak. Eta batzuk bere omenaldian parte hartu zuten. Hunkigarria izan zen».
Baziren, eta badiren, anonimo ezagun horiek dira.