'Anomalie' websailaren sortzaileak saritu dituzte Seriesland jaialdian

Euskal Herrian ekoitzitako websailik onenaren saria euskarazko 'Gutuberrak' lanarentzat izan da

Stephan Bohl, Thomas Neudt eta Christian Stadachi Anomalie websailaren sortzaileak, atzo, saria jasotzen. SERIESLAND.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bilboko Seriesland nazioarteko jaialdian websailik onenaren saria zen garrantzitsuena orain arte, baina aurten, aurreneko aldiz, showrunner onenak eraman du sari nagusia —ekoizpen baten gidoilari nagusia eta ekoizle eragilea da showrunner-a—. Aitortza hori Alemaniako Anomalie websailaren sortzaile Stephan Bohlek, Thomas Meudtek eta Christian Stadachek irabazi dute. Gurasoen desagerketa ikertzen duen gazte bati buruzko thrillerra da Anomalie, eta soinu onenaren saria ere jaso du. Tag & Nacht Media ekoiztetxeko —Darmstadt hirian du egoitza— arduradunak dira hiru sortzaileak. Askotariko lanak egiten dituzte, tartean publizitatekoak. Guggenheim museoan egindako galan jaso zuten atzo saria.

Zuzendari onenaren saria, bestalde, Viktor Kravtxenko errusiarrarentzat izan da. Sail Ofizialeko websail onena Pet Killer izendatu dute —gidoi onena ere bai—.

Jaialdiko aktore onenak, berriz, Noche de Amor websaileko Maida Andrenacci eta Viex Jeux telesail digitaleko Jacques Godin izan dira. Taldeko aktore onenaren sariak eraman dituzte Coco Jack Gillesek (Skinford) eta Martin Dubreilek (Viex Jeux).

Amets kategoriari dagokionez —40 ekoizpen independente lehiatu dira aurten— showrunner edo sortzaile onenaren saria The League of S.T.E.A.M websaileko Trip Hoperentzat izan da. Lan horren hiru denboraldi sarean ikus daitezke, Leagueofsteam.com atarian.

Koreako Yeosu hiria

Beste kategoria batzuetan ere sariak eman zituzten atzo gauean Guggenheim museoan. Euskal Screenings kategorian, Euskal Herrian ekoitzitako sei websail lehiatu dira, eta Laboral Kutxaren saria Gutuberrak lanak lortu du. Erronka Berriak ekoiztetxearen euskarazko fikzio bat da: iaz estreinatu zuten, abenduaren 6an, EITBren webgunean; BERRIA izan zen babesleetako bat. Familia batek etxegabetze baten mehatxuari nola egiten dion aurre kontatzen du websailak. Zuzendaria Olatz Beobide da.

Fikzioaz besteko show labur onenaren saria, bestalde, Massimiliano Nicole eta Alberto Guerra italiarrek sortutako Hai visto Tom Collins? lanarentzat izan da. Dokumental onena Guardiaes Do Cerrado-k izendatu dute —Brasilgo Cerrado lurraldean talde indiginek bizirik irauteko duten borroka jasotzen du—. Fikziozkoak ez diren lanen artean, aurkezle onenaren saria lortu du Quique San Francisco aktore madrildarrak.

Nazioarteko jaialdiaren bosgarren aldi honetan, ohorezko sari berezi bat eman zioten ostiralean Hego Koreako Yeosu hiriari. Azkeneko bost urteetan hiriaren irudia websailen ekoizpenaren bidez ari dira sustatzen, eta horregatik egin diote aitortza. Hiriko delegazio zabal bat izan da Bilbon, Kwon O-Bong alkatea barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.