Aniztasunaren aldeko danborrada

Euskal Herria 11 Kolore egitasmoak 11 Kolore Fest eguna egin du Donostian, kultura aniztasuna aldarrikatzeko xedezDanbor martxa egin dute; 40 perkusio eta animazio taldek parte hartu dute

Era askotako jendea bildu zen Kolore Fest egunean atzo, Donostian; saharar eta senegaldarren elkarteak, batukadak, konpartsak, eta joaldunak, adibidez. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Musika da hizkuntzarik unibertsalena, eta perkusioa da komunikatzeko musika adierazpiderik zaharrena. Danbor hotsen bidez, euskal gizartean dagoen kultur aniztasuna eta guztien arteko bizikidetza sustatu nahi izan zuten, atzo, Donostian. Euskal Herria 11 Kolore egitasmoak antolatuta 11 Kolore Fest eguna egin zuten. Bai aniztasuna! Gora aniztasuna! lelopean jaiak eta aldarrikapenak bat egin zuten egun osoan. Arratsaldean danbor martxa antolatu zuten, eta 40 perkusio eta animazio taldek hartu zituzten hiriko kaleak.

Alderdi Ederreko lorategi inguruetan burrunba hotsa izugarria zen, atzo, 17:00 alderako. Danbor martxan parte hartu behar zutenak taldetan jarrita makilak astintzen ari ziren. Senegaldar talde batek arima jartzen zuen perkusio instrumentuak jotzen.Euren herrialdeko jantzi tradizionalak jantzita kantuan, eta dantzan ere gogotsu ari ziren. Ausarten bat ere animatu zen haien artera sartu, eta pausoak buruz ikasten.

Festa giro horren erdian entzun ziren mikrofonotik pregoilarien lehen hitzak, eta danbor hotsak isildu egin ziren, bat-batean. Xabier Mendiguren Euskal Herria 11 Kolore proiektuko bozeramaileak, eta Yolanda Bustillo aktoreak hitz egin zuten.« Mila koloreko ostadarra hedatu da gaur hiriko zeruan, iparretik hegora eta ekialdetikmendebaldera. Gora aniztasuna!», esanez jarri zituzten entzuleak txaloka. Elkarri eskua emanda etorkizuna denon artean eraiki behar dela gaineratu zuten, eta txupinazoa botata lehertu zen jaia.

Perkusio doinuekin flashmoba grabatu zuten, ondoren. Donostiako piratek sortu berri duten Burubeltz konpartsa igo zen Alderdi Ederreko terrazara horretarako. Kontinenteak irudikatzeko kolore ezberdinez mozorrotuta, globo ugarirekin dantzan atera ziren.

Oreka TX-eko musikariek, eta Iñigo Egia Perkusio jotzaileak asmatutako Atanbora abestia izan zen jendeari gerria mugiaraziziona. Txalapartariak ere han ziren, eta behean danbor martxan parte hartu behar zuten guztiek erritmoa jarraitzen zieten. Abestia ikasita eramateko deialdia egina zuten aurretik, eta nola hala asmatu zuten.

Bai aniztasuna!Gora aniztasuna! jartzen zuen pankartaren atzetik hasi ziren kaleak musikaz betetzen. Senegaldarren eta Sahararren elkarteak, batukadak, konpartsak, joaldunak, zanpatzarrak... toki askotako jendea elkartu zen, eta guztiek desfile koloretsua osatu zuten.

«Euskara lokarri»

Baina jai giroa egonagatik, aldarrikapenerako eguna ere bazen atzo. Euskal gizartearen aniztasuna babestu eta sustatu, eta gaur egun dagoen jatorri aniztasunaren inguruan eztabaida bultzatzea da Euskal Herria 11 Kolore proiektuaren funtsa.

Aniztasuna ardatz, baina hemengo errealitatetik abiatuta. «Kultur aniztasuna bultzatzea da helburua, baina ahaztu gabe euskara dagoela hemen, lehenengo lekuan. Kanpotik datozen guztiei errealitate hori eskaini nahi diegu; hemen badela hizkuntza eta kultura bat. Euskara guztien lokarri izatea nahi dugu», adierazi zuen Mendigurenek, Euskal Herria 11 kolore proiektuko bozeramaileak.

Proiektuaren balorazio ona egin zuen. Hain hilabete gutxi lanean arituta— abenduan aurkeztu zuten— ekimenak jasotako harrera arrakastatsua izaten ari dela uste du bozeramaileak. «Atxikimendu asko lortu ditugu, zortziehundik gora eta era askotako jendea hurbildu da, baita gaur ere». Alderdi eta sindikatu batzuekin harremanak ere izan dituzte.

Aniztasunaren aldeko festa urtero egiten jarraitzeko asmoa dutela gaineratu zuen, beste hiribururen batean ospatuko dute hurrengo urtean, proiektua Euskal Herri osora zabaltzeko lanean ari baitira orain. «Udazkenean gaiaren inguruko jardunaldi akademikoak antolatzeko asmoa dugu».

Pankartaren atzetik zihoazen, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. «Euskal Herrian aniztasun handia dago, hizkuntza eta kultura asko daude, eta guztiok batera gizarte hobe bat egin dezakegu. Festa honek hori erakusteko balio du», azaldu zuen Izagirrek.

Politikarien atzetik herritarrak zihoazen. Danborrak jotzen batzuk, begira beste asko. Miren Ibañez Debatik (Gipuzkoa) Donostiara egun pasa joana zen. «Euskadi Irratian entzun nuen festa egongo zela, eta egun osorako etortzea erabaki dugu. Oso ideia ona da ekintza. Interesgarria». Goizean pintxoak jaten ibili ziren. Parte Zaharreko hainbat tabernatan 11 Pintxo 11 Zapore egitasmoaren barruan, hainbat herrialdetako gastronomietan oinarritutako pintxoak eskaini zituzten, eta haurrentzako tailerrak ere egon ziren.

Baina etorkinak ere baziren atzoko protagonistak. Elbar Bujari, sahararren elkarteko kidea zetorren albotik. «Euskal Herria kolore askoz osatzen da, eta guztiak gara euskal herritarrak. Ni euskal herritarra eta sahararra sentitzen naiz, behintzat. Ordena horretan», adierazi zuen irribarrez. Etorkinek askotan duten ikusezintasunetik ateratzeko egitasmo garrantzitsua zela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.