Aniztasunak ezustean dakarrena

'Puntu Koma' websaila asteartean estreinatuko dute, EITBren webgunean. Next Station egitasmoaren irabazlea izan zen proiektua.

Sara Cozar eta Fariba Sheikhan aktoreak, Puntu Koma websaileko irudi batean. NEXT STATION.
urtzi urkizu
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

Arrate 60 urte baino gehiagoko emakume bat da. Ospitaletik dei bat jaso du; Koldo semea larri dago. Ospitalera iristen denean, semea koman topatuko du. Eta, aldi berean, konturatuko da ez duela ezagutzen semearen bizitza.

Hori da Puntu Koma websailaren abiapuntua. Ospitale batean, askotariko pertsonaiak elkartuko dira, koman dagoen gaixoaren gertukoak, eta haien arteko harremana aldatuz joango da. Ezusteko gehiago ere badira, baina asteartera arte ezingo dira deskubritu, orduan estreinatuko baitute websailaren lehen atala, EITBren webgunean. ETB1en, berriz, hilaren 10ean emango dute. Hamar minutu inguruko sei atal dira, eta astero berri bat ikusi ahalko da. Bideoa: Websailaren sortzaileei elkarrizketa.

[Youtube]https://youtu.be/KIGS7jWGzJk[/Youtube]

Fikzioa ikusleengana iritsi arteko prozesua berezia izan da, Next Station egitasmoaren irabazlea izan baita Puntu Koma. Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo sortzaile gazteen proiektua da websaila. Lehenbizi, Next Station-eko finalisten artean sartu ziren, eta Bilbon egonaldi bat izan zuten Joanes Urkixo gidoilariarekin. «Haren laguntzapean aritu ginen buru-belarri gidoiari eta istorioari itxura ematen», gogoratu du Sorzabalberek. «Beste finalistak ezagutzea plazer hutsa izan zen, une politak pasatu genituen». Iritzi berekoa da Rojo: «Jende aparta ezagutzeko aukera izan genuen». Finalistetako batek, Kepa Errasti antzerkigileak, cameo bat egin du websailean.

Next Station egitasmoko arduradunek Sorzabalbereren eta Rojoren proiektua hautatu zuten bukaeraraino eramateko: websail bihurtu eta ETBn estreinatzeko, alegia. Jokin Etxeberria, Elbio Nielsen eta Diego Urrutxi dira Next Stationeko sortzaileak eta Puntu Koma-ko ekoizle eragileak. Bi gidoilarien arabera, bestalde, funtsezkoa izan da Izaskun Arandiaren ekarpena. «Arandia da gidoia egiazko proiektu bilakatu zuena», azaldu du Rojok. Sorzabalberek argi du: «Arandiarengatik izango ez balitz, proiektuak nekez egingo luke aurrera».

Grabatzen hasi aurretik, Maru Solores zinemagilea (Camera obscura filma) batu zen proiektura, eta hark zuzendu ditu fikzioaren sei atalak.

Aktore protagonistak, berriz, Iñake Irastorza, Mikel Ibarguren, Iñigo Gastesi, Sara Cozar, Fariba Sheikhan, Enrike Amilibia eta Iñaki Beraetxe dira. Erizain paperean azaltzen dira, bestalde, Rojo eta Sorzabalbere.

Drama eta intriga

Bi gidoilariek aitortu dute asko aldatu dela hasieran buruan zuten ideia. «Hasierako ideia umorezkoa zen erabat. Lehenengo ideia eroagoa zen, produkzio aldetik gauza gehiegi eskatzen zituen, eta moldaketak egin genituen», gogoratu du Sorzabalberek. Rojoren arabera, asteartean estreinatuko duten websailak drama eta intriga uztartzen ditu. «Proiektuak aurrera egin ahala, eta izan ditugun eraginen ondorioz, ildo dramatikoa lantzea eskatzen zuen, eta hala egin dugu».

Edonola ere, hasieratik transmititu nahi zuten ideia bat ondo islatuta dago websailean. «Istorioak mezu argi bat du: aniztasunarena», azaldu du Rojok. Sorzabalberek xehetasunak eman ditu: «Istorioarekin transmititu nahi genuen aniztasunak pertsona bati ekar diezaiokeena ona besterik ez dela. Laguntzeko eta aberasteko balio duen zerbait oparituko dizu ondokoari laguntzeak, eta hark zuri laguntzen uzteak. Era berean, ez dakizu zer aurki dezakezun pertsona batengan, hark zer ezkuta diezazukeen».

Puntu Koma-k dagoeneko bide bat egin du websailen jaialdietan: Asia Web Awards jaialdian, drama onenaren saria eraman zuen, abenduan; Accolade Global Film Competition lehiaketan, beste sari bat jaso du, eta, Miami Web Fest jaialdian (AEB), Iñake Irastorza aktore onenaren sarirako izendatu zuten. Bi gidoilariek uste dute mezua eta istorioa «oso unibertsalak» direla, eta iruditzen zaie nazioarteko beste jaialdi batzuetara irits daitekeela.

Bi gidoilariek erakunde publikoei eskatu diete euskarazko telesailen aldeko apustua egiteko. «Behartuta daude gure errealitate euskalduna bultzatzera, eta ikus-entzunezko proiektuetan abangoardian egotera behartzen ditu horrek», adierazi du Rojok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.