Azkaine Odei Barroso

«Anitz maite dut bakarrik egotea, ni eta neure burua, pentsatzeko»

Lan eguna bukatuta, etxera iritsi, eta maiz txakurra hartzen du etxe inguruko bidexketatik ibiltzeko. «Bukaera» iritsi dela oroitarazten dio Odei Barrosori; beste momentu bat da, eguna zatitzen du pixka bat.

BERRIA.
Azkaine
2013ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Odei Barroso bertsolaria, Urruñarra jaiotzez, baina gaur egun Azkainen bizi da (Lapurdi). Mendia eta lasaitasuna asko maite ditu, eta, gustuko duen leku bati buruz pentsatzen hastean, «Sokoako Fuertea ala Karratua, Gaztetxea edo etxe inguruko bidexkak» bururatzen zaizkio lehen batean.

Baina leku horiek, «egoera desberdinetan» kokatzen ditu. Lagunak, gaztetan lagunekin pasatako oroitzapenak, parranda… «Lasaitasuna», «goxotasuna» eta «kontzentratzeko gunea» bilatzean, etxe inguruan dituen bidexketan aurkitzen ditu, «sentsazioak askoz pertsonalagoak dira». Barrosok mendia asko maite du. Inguru horiek «ikustea, sentitzea, ez bortxaz goraino igotzea, baina bai inguruan ibiltzea». Handik Larrun mendia ongi ikusten du, «bista politak ditu».«Askotan» behar izan du leku bat beretzat, bera dela sentitzen duen leku bat, bere buruarekin solas egin ahal izateko. Bakarrik egotea gustuko du, eta bidexka horiek aukera hori ematen diote: «Anitz maite dut bakarrik egotea, eta, leku horietan nagoenean, askotan bakarrik nago pentsatzeko; ni eta neure burua», azaldu du. Haren eremuak ez diren arren, haren «eremu pertsonalak» dira, bere buruarekin egoteko lekuak.

Urruñan bizi zenean ere, Oletako kapera ondoan, Intzolara hurbiltzen zuten bideetan egoten zen maiz. Baina etxetik gertu ere, oso urrun joan gabe, beretzako leku batzuk zituen.

Txakurra lagun ala bakarrik, bere kontuei buruz pentsatzeko lekuak ditu bidexka horiek. «Egunaz gogoetatzeko lekua» bilakatu da bertsolariarentzat. Askotan saioak aitzin, edota urduri jartzen duen edozein gauza dela-eta, «lasaitasun bila» doa, etxe atzean dituen bidexketara: «Bide horietan ibiltzeak, besterik gabe, lasaitasuna eragiten dit».

«Ohitura bat» bilakatu da bertsolariarentzat gune horretara hurbiltzea. Hasieran, txakurra paseatzera atera behar zuelako joaten zen, baina denborarekin naturalki egiten duen zerbait bilakatu da. Ohartu gabe egiten duen zerbait da, baina egiten ez duenean haren falta sumatzen du. Aitortzen du, halaber, horrelako tartetxo bat izango ez balu, bista horiek ikusteko paradarik gabe, autoen zarata entzun gabe ez eta trenarenak ere, hutsune bat sentituko lukeela.

Barrenak husten ditu han. Negar egin behar badu, negar egiten du, eta irri egin behar baldin badu, irri egiten du. Batzuetan, eguna lanean pasatu ondoren, nahiz eta egun betea izan, etxera iritsitakoan, txakurra hartu, eta paseatzera eramaten du; «aitzakia», deskonektatzera joateko. «Egunaren bukaera iritsi dela oroitarazten» dion ariketa da. «Beste momentu bat da, eguna zatitzen du», dio.

Azkenaldian, etxeaz aparte, leku horixe zapaldu du gehienbat. Leku horrek kontzentratzen laguntzen du, geldirik dago, lasai eta pentsatzen hasten da, «pentsatzen eta pentsatzen», eta bertsoak abesten hasten da,«behintzat, buruan egiten ditugun bertso horiek».

Ez luke jakingo inspirazio gunea den edo «leku horretara joandakoan hartzen duen jarrera den», baina, bai, hara doanean, batik bat «ideien bila» doa. Gune «apropostzat» jotzen du.

Bide horiek, bertsolaria harritzen duten zerbait dute. Izan ere, han badago Kanpaina deitzen den etxe zahar bat, orain dela gutxi berritu dutena eta gaur egun hutsik dagoena. Noizean behin, taldetxo batzuk ikusten ditu, auto batzuk etxe aitzinean, baina inoiz berdinak. «Harrigarria» iruditzen zaio, etxetik oso gertu duen bide horietan aurkitzen duen errealitatea. «Gure herriaren adibide ederra» dela adierazten du ironikoki. Haren etxetik bidexka hasten denera, «metro gutxi batzuetara, jada bakarrik ikusten dira etxe hutsak».

Idazteko gune

Odei Barroso 2zio euskarazko rap taldeko kide da, Jo Olaskuaga eta Gorka Gomezekin batera. 2011n sortu zuten, rap musikari oihartzuna emateko asmoz. Eta aurten, urte hasieran, hamar abestiz osaturiko Pausuz, pausu deitutako lehen lana argitaratu dute.

Barrosok, taldean abesteaz gain, hitzak ere idazten ditu. Bidexketara koadernotxo bat ere eraman ohi izan dueta gauzak idazten hasten da. Horietako idatzi batzuk, taldearen abestiaren letren «parte batzuk» dira. «Lehen ideia batzuk, bidexkan nengoela idatzi ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.