Animaliarik jan nahi ez duten umeak

Euskal Herriko ikastetxe gehienetan ikasleek arazoak izaten dituzte menu beganoa aukeratzeko. Lurraldearen arabera, araudia desberdina da, baina bakar batek ere ez du erabat bermatzen aukera hori. Guraso eta ikasle askori trabak sortzen dizkie horrek.

Eskola bateko jangela bat eta ikasgela bateko mahai bat hamaiketako beganoarekin. BERRIA
Eskola bateko jangela bat eta ikasgela bateko mahai bat hamaiketako beganoarekin. BERRIA
irene baranano
2024ko urriaren 1a
05:00
Entzun

Haizeak 11 urte ditu, begetarianoa zen iaz arte, baina aurtengo udan erabaki du ez duela animalia jatorriko ezer gehiago jan nahi. Elikadura erabat begetala aukeratu du, «arrazoi etikoengatik», baina bere eskolako jantokiak ez du menu beganorik eskaintzen. 6. maila hasi berri du, Irurtzungo (Nafarroa) ikastetxean. Asteburu «txarra» izan du eskolak hasi aurrekoa: ez du jantokira joaten hasi nahi. Azkenean, jantokira ez bidaltzea erabaki du amak. Janire Ibarguengoitia Muga da haren izena, eta adierazi du beldur dela alabak eskolara kontent joateari utz diezaion. Iltzarben (Nafarroa) bizi dira, eta joan-etorria egin behar izaten du horregatik. «Bere bila joan beharra dut egunero, etxean bazkaltzeko, eta bueltan eraman behar izaten dut gero. Horrela ezin dut ganorazko lanik egin», azaldu du amak.

Berena eskola publikoa da, eta Nafarroako legeek menu beganoa eskaintzea gomendatzen diete eskola publikoei. Hala dio 58/2024 Foru Dekretuak, zeinaren bidez Nafarroako eskola publikoetako jantokiak arautzen diren: «Ahal dela, menu bereziak eskainiko zaizkie erlijio, kultura eta etika arrazoiak direla-eta elikadura espezifikoa behar duten ikasleei, eskola jantokian gizarte inklusioa sustatzeko».

«Bere bila joan beharra dut egunero, etxean bazkaltzeko, eta bueltan eraman gero. Horrela ezin dut ganorazko lanik egin»

JANIRE IBARGUENGOITIA MUGAHaur begano baten ama

Hala ere, Haizearen eskolak ez du menu beganorik eskaintzen. «Egun hauetan ibilgailua matxuratu zaigu», azaldu du Ibarguengoitiak, «eta eskerrak autoa duen lagun bat joan daitekeela bila; bestela, Haizea ezingo litzateke eskolara joan».

Nafarroan gomendioa dena, ordea, debekua da beste lurralde batzuetan. Eusko Jaurlaritzak debekatu egiten du menu beganoa eskaintzea eskola publikoetan. Itunpekoek, berriz, badute eskaintza hori emateko aukera, baina ez dute horretarako betebeharrik.

Iñigo Mendiola Gasteiz inguruko herritxo batean bizi da, eta bere hiru haurrak hiriburuko eskola publiko batera eramaten ditu egunero. Baina ez dira jangelan geratzen; izan ere, bertan arauak galarazi egiten du menu beganorik eskaintzea. Mendiolak eta haren bikotekideak, lana dela-eta, ezin dituzte haurrak bazkalorduan etxera eraman, eta aitona-amonek jaso behar izaten dituzte, bazkaltzen eman eta berriz ere eskolara eraman. «Haiengatik ez balitz, ez dakit zer egingo genukeen», aitortu du aitak.

Gipuzkoan ere antzeko egoera dute. Noelia Estravizen alaba nagusiak animaliak jateari uztea erabaki zuen. Itunpeko eskola batean zegoenez, eskolaren esku zegoen menu beganoa eskaintzea edo ez eskaintzea, baina, horretarako, hainbat traba tekniko topatu zituzten. Gaur egun, bi alabak ditu beganoak, bata institutuan eta bestea eskolan. Bi zentro horiek Eusko Jaurlaritzaren mendekoak dira: ezin dute menu beganorik eskaini.

Egoerari aurre egiteko, Feumve elkartea sortu zuen Estravizek 2019an, eskola jantokietan menu beganoak eskain daitezen lortzeko. «Tuperra ere ezin dugu eraman; Jaurlaritzaren osasun araudiak kanpoko elikagaiak eskolako jangelan sartzea galarazten du», azaldu du.

«Tuperra ere ezin dugu eraman; Jaurlaritzaren osasun araudiak kanpoko elikagaiak eskolako jangelan sartzea galarazten du»

NOELIA ESTRAVIZ ZENA ABIZENABi haur beganoren ama eta Feumve elkartearen sortzailea

Eusko Legebiltzarrera ere eraman zuen gaia. Estraviz 2020an izan zen bertan lehenengoz bere kasua azaltzen, eta 2022an, bigarrenez. Ordukoan, alderdiek eztabaidagai ere izan zuten ikastetxeetako menu beganoen gaia. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk menu aukera beganoak eskatu zituzten, baina Eusko Jaurlaritzak atzera bota zuen eskaera, hainbat txosten tekniko oinarri hartuta. Jaurlaritzak dioenez, «[txosten horietan] talde guztietako elikagaiak egunero kontsumitzen saiatu behar dela adierazten da, nutrienteen eguneroko ekarpen ona ziurtatzeko moduan».

Baina badira kontrako norabidean mintzo diren beste txosten batzuk ere, Estravizen esanetan Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu ez zituenak. Hori berretsi dute, besteak beste, OMEk, Harvard unibertsitateak, Erresuma Batuko osasun zerbitzu publikoak (NHS) eta AESANek.

Osakidetzak ere 2022an argitaratutako txosten batean adierazi zuen «ondo» planifikatutako elikadura beganoa «erabat osasungarria» izan daitekeela. Txostenaren osaeran, Osakidetzako, Madrilgo Ruber klinikako eta Kataluniako osasun sistemako hainbat profesionalek eta nutrizionistak hartu zuten parte. Txostenak elikadura begetariano eta beganoa osasungarria izateko oinarrizko jarraibideak eskaintzen ditu. Laburbilduta, txostenaren arabera, elikadurak «orekatua» izan behar du, eta B12 bitamina hartu behar da. «Ez dut ulertzen zergatik Eusko Jaurlaritzak menu begetarianoa onartzen duen, eta beganoa ez», azaldu du Feumveren sortzaileak, «B12 bitamina, begano zein begetariano izan, hartu behar da».

ZER DA B12 BITAMINA?

Bakterio jatorriko bitamina hori lurrean egoten da, eta lurrarekin kontaktuan dauden animalien okela kontsumituta har dezakegu gizakiok. Hala ere, egungo abeltzaintza industrializatuarekin, abereak ez daude lurrarekin kontaktuan, eta B12 bitamina injektatu edo pentsuekin batera eman behar zaie. Animaliarik edo animalia jatorriko produkturik jaten ez duten pertsonek zuzenean hartu behar izaten dute.

Ipar Euskal Herrian antzeko errealitatea dute haur eta guraso beganoek. Oro har, ikastetxearen araberakoa izaten da eskaintza. «Nolanahi ere, guraso begano gehienek haurrak etxera eraman behar izaten dituzte bazkaltzera, eta gero ikastetxera bueltan eraman», azaldu du Alix Mennellak. AVF elkarte begetarianoko kide da; zehazki, jangela politikako kudeatzailea. Hark aitortu duenez, lurraldean duten arazorik larriena eskola jangelena da, legeak behartuta, ospitaleetan, erakunde publikoetan eta enpresetan aukera begetarianoa izan behar dutelako beti. «Normalean, beganoek ere har dezakete menua, postrea kenduta», argitu du Mennellak.

Eskoletan, ordea, menua orojalea izaten da, astean egun bat kenduta. Egun horretan, Egalim legearen ondorioz, menu begetarianoa izaten dute ikasle guztiek. «Frantziako Gobernuak ez du ahalbidetzen eskoletan menu beganorik egunero eskaintzerik, proteina falta dakiekeela argudiatuta», adierazi du Mennellak.

Edonola ere, udalek zeresan handia dute Ipar Euskal Herriko eskola menuen antolakuntzan, eta menu orojaleak egoteak ez du esan nahi alternatiba beganorik eskaintzea galarazita dagoenik. Baionan, esaterako, menu begetarianorik ez dagoen egunetan, plater orojaleetarako alternatiba begetarianoak eskaintzen dituzte. «Gasna eta arrautzak menutik kentzea ez dute lortu», azaldu du Menellak, «baina egunero aukera begetarianoa izatea beste lurralde batzuetan ez duten aurrerapauso bat da».

Jantokietatik harago

Otorduetatik kanpo ere haur eta guraso beganoentzako «buruhauste» bihurtzen diren ekintzak izaten dira ikastetxeetan. Ospakizunetan, adibidez, jaki bereziak izaten dira haurrentzat, baina ez beti beganoentzat. «Inauterietan, tostada beganoak edo gauza bereziren bat eskaini ordez, artozko tortita arrunt bat ematen diete haurrei», salatu du Iñigo Mendiolak. «Irakasle batzuek beren poltsikotik ordaindu izan dute alternatiba beganoa, baina eskolak ez du egiten». Maria Pascualek ere bi seme-alaba ditu egoera berean, eta berak eramaten die, esaterako, txistor beganozko ogitartekoa San Tomas egunean, edo olo esnearekin egindako txokolatea Olentzero iristen denean.

Elikaduratik harago ere, badute salaketarik haur eta guraso beganoek. «Txango batzuetan ez dute parte hartzen; adibidez, akuariora doazenean, edo Lacturale enpresa bisitatzera joaten direnean». Mozorro «zeharo espezistak» ere salatu izan dituzte guraso batzuek; esate baterako, arrantzale edo harakin jantziak. Horrelako ekintzak aldatzea eskatu du Mendiolak hainbatetan, baina ez du lortu. «Ikastetxearekin hainbat bilera izan ditut, baina ez dute diskriminaziorik ikusten», salatu du.

«Txango batzuetan ez dute parte hartzen; adibidez, akuariora doazenean, edo Lacturale enpresa bisitatzera joaten direnean»

IÑIGO MENDIOLA GARCIAHiru haur beganoren aita

Egoera «konplexua» dute, beraz, euskal familia beganoek. Legeak ez die ezein lurraldetan menu erabat begetala ziurtatzen, eta guraso askok haurrak etxera bazkaltzera eramatea beste biderik ez dute topatzen. «Batzuek, bereziki amek, lan egiteari ere utzi behar izaten diote», salatu du Ibarguengoitiak, Haizearen amak. Mendiola eta haren familia «zorionekoak» dira, aitona-amonek eraman ditzaketelako haurrak bazkaltzera, baina familia askok jantokian utzi behar izaten dituzte beren seme-alabak, menu begetarianoarekin. Mendiolak salatu duenez, «beren balioen kontra» egiten ari badira ere, ez dute beste erremediorik. Estravizek, Feumveren sortzaileak, dauka egoera bideratzen saiatzeko errezeta: «Guraso guztion artean presio egitea besterik ez dugu gure seme-alabentzako eta datozen umeentzako aurrerapausoak nahi baditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.