ATZEKOZ AURRERA

Animaliarik gabeko azoka

Animalietatik eratorrikoak ez diren askotariko produktuak jarri dituzte salgai Be Veggie azoka beganoan. Bihar arte bisitatu ahalko da Irungo Ficoba erakustazokan.

Ficoba erakustazokan egin dute produktu beganoen azoka. J.C. RUIZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Irun
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Albo batean, txokolatea, sendabelarrak eta infusioak salgai dituzten postuak. Segidan, zapatak, kremak, xaboiak edo alkandorak eskuragarri dituztenak. Aurrerago, barazkiak, opilak eta hanburgesak. Produktu aukera zabala da, eta oso alor ezberdinetako gauzak topa daitezke korridoreetan barrena. Aniztasunaren artean, ordea, ezaugarri komun bat du eskaintzak: animaliarik ez da inon ageri; ez zuzeneko salmenta produktu gisa, ez eta bestelako produktu bat lortzeko lehengai gisa. Izan ere, beganismoaren erakusleiho bihurtu da Irungo Ficoba erakustazoka (Gipuzkoa) egunotan. Atzo hasi eta bihar arte egingo dute Be Veggie azoka.

Orotara, 60 saltokik osatzen dute azoka. Esaterako, sendabelarrak eta erregaliza ekoizten ditu Nicolas Lazaro nekazariak. Corellatik (Nafarroa) heldu da Irunera: «Duela urtebete hasi ginen azoketan guk ekoiztutako produktuak saltzen; azoka ekologikoetan batik bat». Laboraria da Lazaro, eta kate komertzialetik at jardun ohi du. «Zuzeneko salmenta egiten dugu; era horretan,gure produktu ekologikoak ohiko dendetan eros daitezkeenak baino %10 garestiagoak besterik ez dira».

Bada, postuen atzean dauden guztiek saltzen dituzte produktu beganoak, baina bertaratutakoen artean ez dago hain hedatua. Jon Salaberria, Juan Manuel Lasa eta Juantxo Zuaznabar ez daude konforme animaliarik gabeko espazioari azoka deitzearekin. «Begano batentzat ondo egongo da, baina niretzat ez», esan du zintzoki Salaberriak. Zuaznabarrek, ordea, erdibideko proposamena egin du: «Zati batean jar ditzakete produktu beganoak, eta, bestaldean, betiko azoketako abereak».

Lorea Muñoz eta Jasone Urdanpilleta ere ez dira beganoak, baina bat datoz filosofiarekin. Urdanpilleta lanarekiko loturak bultzatuta joan da azokara: «Belar denda baten egiten dut lan, eta jakin-mina nuen». Muñoz begetarianoa izan da urte luzez: «18 urterekin utzi nion haragia eta arraina jateari, eta orain, 35 urterekin, hasi naiz berriz apurka arraina jaten». Urdaileko arazoak konpondu nahian egin du aldaketa.

Elena Arnaez irundarrak lehen pertsonan ez, baina gertutik ezagutu du beganismoa zertan datzan. «Iloba beganoa da, eta, Gabonetako afaria etxean egiten dugunez, azken urteetan horrela kozinatzea tokatu zait». Ondorioz, ideia bila joan da Ficobara Arnaez: «Denbora behar da jaki beganoak prestatzeko, eta kosta egiten da; batez ere ohituta ez bazaude». Ondo daki Edgar Garrigos gozogileak ohitura aldaketak zer diren. Gozogintzan industrialki aritzen zen lehen, eta gozo denda txiki bat irekia du orain. Are, bere produktuak beganoak eta glutenik gabeak dira. «Hutsetik hasi behar izan nuen; aurretik erabilitako errezetek ez zuten balio, eta hasieran zaila izan zen hornitzaileak aurkitzea». Gloria Garciarekin batera dabil negozioan: «Nire txakurrengatik egin nintzen beganoa: ezin nituen txakurrak maitatu eta beste animalia batzuk jan. Bizimodu bat da, eta posible da horrela bizitzea».

Elikaduratik haratago

Oso bestelako sektorean, baina antzeko metamorfosia jasan duRoberto Chamadoira zapatariak. 30 urte daramatza oinetakoak fabrikatzen, baina zerbaitek klik egin zuen bere buruan orain bost urte. «Nire abokatuak hogei urte daramatza beganoa izaten, baina nik ez nuen ulertzen elikaduraz gaindi filosofia bat zegoela erabaki horren atzean». Gerora, kontzientzia hartu, eta larruzko zapatak egiteari utzi dio. «Animaliak esplotatu gabe egiten ditut zapatak, eta posible da bizitzako esparru guztietara zabaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.