Animaliarik ez erakusleihoan

Animalietatik eratorritakoak ez diren produktuak jarriko dituzte salgai bihartik igandera bitartean, Be Veggie azoka beganoan, Irunen.

2019ko Be Veggie jaialdi beganoa, Irunen, Gipuzkoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2019ko Be Veggie jaialdi beganoa, Irunen, Gipuzkoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
2024ko abenduaren 5a
05:00
Entzun

Txokolatea, sendabelarrak eta infusioak salgai dituzten postuak. Gero, zapatak, kremak, xaboiak eta alkandorak eskuragarri dituztenak. Aurrerago, barazkiak, opilak eta hanburgesak. Aukera zabala eta askotarikoa topatu ahal izango da Be Veggie azokan. Hala ere, produktuz betetako korridore guztiek badute ezaugarri jakin bat: animalietatik eratorritako produkturik ez da inon ageri. Jaialdi horrek «bizimodu erabat begetala, animalien ustiapenik gabekoa eta jasangarria» sustatzen du, eta, azokaz gain, hainbat ekitaldi egingo dituzte bihartik igandera Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa). Sarrerak doan dira, baina komeni da webgunean erreserba egitea.

Egitasmoak bi oinarri sendo ditu, bi konpromiso nagusi, alegia. Bat egiten dute Nazio Batuen Erakundearen asmoekin: saltokiek energia eskuragarria eta ez-kutsagarria lehenetsiko dute, baita garapen sozioekonomikoari eta klima aldaketaren aurkako borrokari ekarpena egitea ere. Gainera, ekitaldi jasangarri gisa, ahalegina egingo dute ingurumenaren gaineko inpaktu kaltegarriak ahalik eta txikienak izateko.

Aurten, hirurogei erakunde eta saltoki inguru elkartuko dira merkataritza beganoa sustatzeko asmoz. Asteburu beganoa bihar hasiko da, Berriketan deituriko hitzaldi saioekin. Nutrizio klinikoa biztanleria beganoan hitzaldia 11:30ean hasiko da, Cristina Lajas dietetikako goi mailako teknikariaren eta Antonio Gomez giza nutrizioan eta dietetikan graduatuaren eskutik. Hitzaldian, adituek hizpidera ekarri nahi dute zein garrantzitsua den nutrizioko profesionalen lana, baita pazienteen elikadura hautuak errespetatzea ere.

Bidea aldatuz

Atsedenaldi labur bat egin eta gero, Aida Gascon Anima Naturalis erakundeko zuzendariaren txanda izango da: 12:30ean, Animalien eskubideak: protestatik proposamenera hitzaldia emango du. Animaliek behar duten gizarte aldaketa egiteko pausoez arituko da. Hitzaldien artean, 13:00etan, errezeta beganoak ikasteko aukera izango dute bisitariek, Idoia Garcia Donostiako Garraxi tabernaren sortzailearen gomendioei jarraituz.

Bisitariek errezeta liburua osatu eta gero, hitzaldiak entzuteko aukera izango da berriz. Pausoa aldatuz: planeta berdeago, etikoago eta iraunkorrago baterantz, gai horixe aztertuko du Mery Ocaña lehen hezkuntzako irakasle eta ingurumen hezitzaileak, eskoletan animaliekiko etika sustatzeko helburuarekin. Kirolaren eta nutrizioaren arteko harremanari ere erreparatuko diote jaialdian. «Animalia jatorriko produktu ekologikoak garrantzitsuak dira osasuntsu egoteko, baita jasangarritasuna zaintzeko eta animaliak modu etikoan tratatzeko ere», azaldu du Kim Sorensen Tentorium Energy S. M. enpresaren sortzaileak eta jaialdiko hizlariak.

Jaialdia ez da bakarrik gizakientzat, haiekin etortzen diren txakur eta katuentzat ere bada. Izan ere, 17:00etan, Txakur eta katuentzako elikadura beganoa hitzaldia emango du Claudia Aparicio enpresaburu beganoak. «Gizakiaz bestelako animalien elikadurari buruzko mitoak apurtzea» izango da asmoa, baita txakurren eta katuen elikadura beganoaren oinarriak ezagutaraztea ere. Mitoz mito, hazkuntza beganoaren estigmak ikuspegi soziologikotik ere desmuntatuko ditu Rocio Canok, bere esperientzian oinarrituz.

Beraz, produktu beganoz betetako azoka, hitzaldiak eta musika egitasmoak izango dira asteburuan Irunen. Animaliarik ez da izango erakusleihoan, eta, hala, beganismoaren hainbat esparru ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Hitzaldien osagarri, musika ere izango dira asteburuan: Ekin Torner, Ane Leux, Mariadrila DJa, Lua, Ainhoa Etxezarreta, eta Pilar Sanchez eta Lucia Mauleon artistak arituko dira, eta hala, doinuz jantziko dute beganismoaren aldeko lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.