ATZEKOZ AURRERA. Idoia Azkona. Zaunk eragile antiespezistako kidea

«Animaliak beren bizitzaren jabe dira»

Urtero bezala, zezenketen aurkako kalejirara joanen da Azkona; besta eredu askatzaileak aldarrikatzen ditu Zaunk-eko kideak: «Animalien kontrako zapalkuntza ez da soilik zezenketara mugatzen».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Zapalkuntzarik gabeko bestak aldarrikatu, eta gizakiz besteko animalien bizitzak erdigunean jartzen ditu Idoia Azkona Zaunk Iruñerriko eragile antiespezistako kideak (Iruñea, 1998). Iruñe Antitaurinoak antolatzen duen zezenketen aurkako kalejira izanen da gaur, 19:00etan, Udaletxe plazan: «Kalejirarako gogoz nago».

Jaiak bai; animaliak aske ere bai?

Bai. Gizakiz besteko animaliak zapaldu gabe jaiak ospatzea posible da. Sanferminetan agerikoa da animalien kontrako zapalkuntza; horrez gain, beste zapalkuntza batzuk ere salatu behar dira, hala nola erasoak eta kontratu prekarioak.Zapalkuntzarik gabeko jai ereduak sortzeko imajinazio nahiko dugu.

Euskaldunak ere bai?

Bai, euskara geroz eta espazio gehiagotan dago.

Zezenketen aurkako manifestuan parte hartu duzue; bestetarako berotzen hasteko modua da?

Manifestuan jartzen du Iruñekoak garela, sanferminak maite ditugula, bestan parte hartzen dugula gainerako iruindarrekin batera, baina argi ikusten dugula zezenketak amaitu behar direla. Lortu dugu sanferminen inguruan eragiten duten gizarte eragileek, tabernariek, musikariek eta kazetariek bat egitea; 58 atxikimendu lortu ditugu.

Sanferminzalea zara?

Bai. Iruñekoa naiz, eta txikitatik joan naiz erraldoietara, parte hartu dut txosnetan, kalejiretan...

Urtero zoaz zezenketen aurkako kalejirara?

Uste dut urtero joan naizela, agian baten batera ez, baina joateko ohitura dut. Inguruko jendea animatzen dut joatera. Iruñe Antitaurinoak egin duen lana garrantzitsua da, lortu dutelako gaia benetan mugitzea, eta jendeari kontraesana sortzea. Haiek dioten bezala, horrek erakusten du zezen plazatik kanpo jaia dagoela kaleetan.

Lehenengo aldiz joanen zarete talde bezala; nola bizi duzue?

Zezenketarik Ez sareari esker, harreman estua sortu dugu Iruñe Antitaurinoko kideekin; esan genien prest geundela laguntzeko.

Kalejirara joateaz gain, zer egiten duzu ordu horretan?

Egitarauan dauden beste gauzetan parte hartu; esate baterako, kontzertuetara joan, lagunekin bazkaldu, kalejiretan parte hartu, txarangekin dantzatu.

Eta entzierroetan?

Ez ditut ikusten; kalean nagoenean batzuetan dianetara joaten naiz, eta bestela lotan.

Herri Sanferminetan lehenengo aldiz parte hartu duzue.

Oso positiboa izan da, herri mugimenduko gainerako eragileekiko aliantzak gora doazelako. Gainera, Herri Sanferminetan ahots antiespezista egotea oso garrantzitsua da.Iruñeko Udalaren mugak izan arren, bidea egitea lortu dute.

«Beganismo kapitalistak ez du espezismoa suntsituko» jartzen du kamisetan. Sanferminetako kamiseta guztiek mezu bat daramate?

Iruñerriko herri mugimenduak ateratzen dituen kamisetak janzten saiatzen naiz babesa emateko. Nor Euskal Herria Antiespezistak ateratako kamiseta da. Kapitalaren logikaren barruan dagoen beganismotik ateratzeko apustua egiten dugu, eta kritika egiten diogu soilik kontsumora bideraturiko beganismoari. Borroka kalean dago, eta espezismoaren kontra antolatu behar gara.

Zer jaten duzu hamaiketakoan?

Geroz eta aukera gehiago daude. Besteen antzekoa da; aurten, mokadutxoez gain, enpanada eta pizza begetala.

Otorduen inguruan hausnartu beharra dago?

Bai, noski. Zapalkuntza ez da bakarrik zezen plazara mugatzen; gizakiak ez gara inor gizakiz besteko animaliak gure egiteko eta gure nahierara erabiltzeko. Animaliak beren bizitzaren jabe dira.

Su bestak gustuko dituzu?

Ez. Horrelako ekitaldietan bat-bateko zarata handia dago, eta askotan ez gara konturatzen, baina horrek kalte egiten die gizakiz besteko animaliei zein pertsona batzuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.