Animaliak baino basatiago

Animalien defentsarako elkarteek OCUren 'Vota a mono' iragarkia salatu dute, animalien tratu txarragatik. Bide batez, publizitateetako animalien errealitatea erakutsi nahi izan dute.

Publizitaterako erabilitako txinpantze honek 23 urte daramatza kaiola batean; hala salatu dute hainbat elkartek. BERRIA.
Ainhitze Ruiz.
2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ohiko irudia bilakatu da iragarki batean tximino bat edo txakur bat imintzioka ikustea, kamerari irribarre zabalarekin begira eta gizakien jarrerak imitatzen. Ikus-entzulearengan enpatia sortzen dute irudi horiek, samurtasuna islatzen dute. Hori lortu nahi izaten dute publizitate kanpainako arduradunek. Publizitatean animaliak gehiago erabiltzea ekarri du ikus-entzunezkoen garapenak. Arrakastatsuak izan ohi dira kanpainok, gainera.

Alderdi ezkutua dute, baina,iragarki horiek. Berezkoak ez dituzten jarrerak hartzera behartzen dituzte animaliak. Behin kanpaina amaituta, gainera, ez da animalien sufrikarioa amaitzen, erregistroa aldatu eta beste iragarki batentzako trebatzen baitituzte. Telebistako ikuskizunera kondenatuta bizi dira.

Animalien eskubideen aldeko elkarteek behin baino gehiagotan gaitzetsi dituzte horrelako kanpainak. BTOB publizitate agentziak OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkartearentzako egindako Vota a Mono publizitate kanpaina salatu berri dute FAADA eta Mona fundazioek. Txinpantze bat da iragarkiaren protagonista, eta uneoro gizakien antzeko imintzioak egiten ditu: telefonoa erabili, irribarre egin...

Kepa Tamames ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteko bozeramailea oso kritiko azaldu da animalien erabilerarekin, «kalte psikikoak eta fisikoak» jasaten dituztela salatu du. «Gaur egungo gizarte aurreratu honetan, animaliekin edozer gauza egin daitekeela uste dute hainbatek. Publizitate kanpainako profesionalak errealitate horren parte dira».

Ikus-entzuleen axolagabekeria hizpide du Tamamesek: «Arazoa da animaliei eragiten dieten horiek ezkutuan geratzen direla, jendeak ez duelako interes handirik animaliak ageri dituzten iragarkien atzean zer dagoen jakiteko eta publizitateko adituak profesionalak direlako errealitatea ezkutatzen». Gaineratu duenez, «zaila da jendeak ikustea iragarki horien atzean bidegabeko esplotazioa edo eraso fisiko zein psikikoak daudela. Hori erakusteko lanean gabiltza».

Publizitate kanpainetan ez dira kontuan hartzen animalien oinarrizko eskubideak, haien izaeraren aurka joatera behartzen baitituzte. «Publizitateko profesionalei berdin die iragarki bat eginahal izateko tximino batek astebete igaro behar badu kameren aurrean; haien helburua da ahalik eta emaitzarik perfektuena lortzea. Eta horisekulako tortura izan liteke tximinoentzat».

OCUren publizitate kanpainan erabilitako txinpantzeak 23 urte daramatza Frantziako zirku bateko kaiola txiki batean bizitzen, eta ez da publizitate kanpaina batean agertzen den lehen aldia. «Oso baldintza txarretan bizi da», dio Tamamesek.Txinpantze bat iragarki batean barre egiten agertzen denean, izua adierazten ari da; hala dio ATEAko bozeramaileak. «Batzuetan uste dugu gizakiei barre eginarazteak poza dakarrenez tximuei ere hala eregin behar diela, baina ez da horrela».

Animalien baldintzak urratu gabe ere egin daitezke iragarkiak, ATEAko bozeramaileak gaineratu duenez. Badira hainbat kasu, eta horietan animalia haren ingurunean izan ohi da, eta ez du estresik jasaten. Kasu gehienetan, tamalez, animalien interesei eragiten diete iragarkiek, eta kalterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.