Animalia, oparitarako bilduta

Arrazoi asko daude animalia bat adoptatzeko: tartean, oparitzea. Animaliak babesteko elkarteek neurriak dituzte hori gertatu ez dadin: batzuek ez dute txakurkumerik adopzioan ematen Gabon garaian.

(ID_17024783710205) (/EZEZAGUNA)
Txakur txiki bat, oparietarako apaingarriekin, zakarrontzi batean. BERRIAKO DISEINU TALDEA
amaia igartua aristondo
2023ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Opari itxura eman diote: atsegina da, zirrara eragiten du, eta ezuste ederra izan da jaso duenarentzat. Eta, animalia bat izan arren, bestelako erregaluen pare ipini dute, bideokontsola bat edo liburu sorta bat legez, haurraren eskuetan. Ez da bazterreko jokabidea animaliak oparitzea, eta Gabon garaia aitzakia ezin hobea izan liteke, adibidez, umeari bere lehen maskota emateko. Erabaki horren atzean, ordea, ikuskera jakin bat dago, Maialen Sagues Nor Euskal Herriko talde antiespezistako kideak nabarmendu duenez. «Uste dugu gustatzen zaigun objektu bat erostea edo lortzea daukagula besteei oparitzeko, disfrutatzeko produktu bat balitz bezala». Badu bere ifrentzua, ezinbestean: opariak, batzuetan, ez dira erabat gustukoak izaten, eta itzuli egiten dira zenbaitetan.

Saguesen arabera, animaliak erabiliak izaten dira une oro, eta, etxekotutako animaliei dagokienez ere, funtzio mordo bat esleitzen zaizkie. «Konpainia egiten dute, hutsune bat bete dezakete, lagunak izan daitezke... Batzuek uste dute animaliari esker behartuak izango direla kalera irtetera, entretenitu egingo dituela...». Alegia, halakoetan, motibazioa ez da izaten abandonatutako izaki bati aterpea eta abegia ematea, baizik eta norberaren edo beste gizakiren baten beharrak asetzea.

Horiek horrela, ez du balio edozein maskotak. «Zerbait oparitu nahi duzunean, zerbait polita egin nahi duzu. Normalean, kumeak oparitzen dira —batez ere umeentzat bada—, politak direnak, edo baliotsutzat jo daitezkeenak —adibidez, arrazakoak diren animaliak—. Ezaugarri horiek plusak dira produktuarentzat: gehiago baloratzen direnez, oparia ere hobea izango da».

«Normalean, kumeak oparitzen dira, politak direnak, edo baliotsutzat jo daitezkeenak. Plusak dira produktuarentzat: gehiago baloratzen direnez, oparia ere hobea izango da».

MAIALEN SAGUES Nor Euskal Herriko talde antiespezistako kidea

APA Puppy animaliak babesteko elkartean igartzen dute interesak apur bat gora egiten duela asteotan; txakur txikiak eskatzen dizkiete, batez ere. «Gabonetan, inork ez du oparitzen txakur heldu bat», esan du Anduriña Palomares Regueiro boluntarioak. Batzuetan, ez dute kumerik izaten: APA Puppyk ez dauka aterpe propiorik, Bilboko udal txakurtegira heltzen diren animaliez arduratzen dira; hau da, hiribilduan abandonatu edo galtzen direnez. Ez da soilik Gabonetako apeta izaten, kontatu duenez: oro har, txakurkumeak eskatzen dizkiete, edo hazi arren txikiak izango direnak, eta ederrak; hiru horiek dira irizpide orokorrak, Palomaresen esanetan.

Opariak saihestu

Alabaina, Gabon garaian, oparitzeko izan daitekeelako susmoa piztu dezake txakurkumeenganako interesak, edo animalia abenduaren 25 goizean etxean eduki nahiak, «Olentzeroren oparia balitz bezala», Palomaresen berbetan. Hori gertatu ez dadin, APA Puppy elkarteak ez du txakurkumerik ematen adopzioan abendutik urtarril erdira bitartean; hamabi bat urte daramatzate animaliak babesten, eta ia hasieratik jokatzen dute horrela. «Animaliak oparitzea aspaldiko kontua da. Garai hauetan beti egon izan dira kanpainak animaliak ez daitezen erregalatu».

Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkartean ez dute nabaritzen Gabon garaian adoptatzeko interesa bereziki igotzen denik; baina, urte osoan zehar, haiengana ere jotzen dute oparitzeko maskoten bila, Cristina Mintegi kideak azaldu duenez. Batzuetan, familia osoa joaten da, eta txakur bat eskatzen dute bere 5-7 urteko umearentzat. Kasu horietan, erantzun irmoa ematen diete. «Ez: txakurra ez da haurrarentzat, zuentzat baizik. Umeak jostailu bat nahi badu, jostailu bat erosi». Txakurra heldu bati erregalatu nahi diotenean, berriz, aurrena ohartarazten diete txakur bat ez dela opari bat; eta, ondoren, argitzen diete pertsona horrek parte hartu beharko duela adopzio prozesuan.

«Txakurrak Gabonetan oparitzen dira, hiru hilabete dituztela: sei hilabeterekin, hazi egin dira, gauzak apurtzen dituzte, lan handiagoa ematen dute, hezi egin behar dira...».

ANDURIÑA PALOMARES REGUEIRO Bilboko APA Puppy animalien babeserako elkarteko boluntarioa

Gasteizko Animalien Babeserako Zentroan ere tematzen dira helarazten animaliak ez direla panpinak, Pepe Fernandez albaitariak nabarmendu duenez. Han ere, Gabonetan ez da gorakadarik antzematen, baina, oro har, neurriak hartzen dituzte adopzio arduratsua sustatzeko urte osoan, «eta adopzio konpultsiboa eta inpultsiboa eragozteko». Hala, eragozpenez mintzatzen dira onurez baino gehiago, eta hamabost eguneko aurreadopzio tarte bat egoten da; hots, interesatuek ez dituzte egunean bertan bereganatzen animaliak. «Hamabost egun horietan, ikusten da ea animaliak gaixotasunik garatzen duen, batez ere kumeek; baita adoptatzailearekin eta haren giroarekin bat etorriko den ere, etxeko beste animaliekin nola moldatuko den...», xehatu du Fernandezek.

Egun horiek inpultsibitatea murriztu dezakete, albaitariaren irudiko; eta, maskota oparitzeko balitz, eta jaso duenari gustatuko ez balitzaio, arazoak saihets ditzake behin betiko adoptatua ez edukitzeak. Nolanahi ere, «galbahe» lana egiten dute zentroan, eta animaliak ukatzen dizkiete haiek erregalatzeko asmoa dutenei. «Animalia nahi badute umatzeko, ehizarako edo oparitzeko, animaliarik gabe joaten dira». Bide beretik, zentroan jardunaldi bat antolatu dute domekarako: instalazio berriak erakutsiko dituzte, eta tailerrak, hitzaldiak eta bestelako ekintza batzuk egingo dituzte, adopzioa sustatzeko eta hura modu arduratsuan gauzatzeko.

«Adoptatzeko interesa dutenekin hitz egiten dugu. Batzuei esan behar zaie txakurrak ez direla umeak, edonora eramaten baitituzte: su festetara, afarietara...».

CRISTINA MINTEGI Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteko kidea

Bermatu beharra baitute, funtsean. «Ez diegu galdeketarik egiten», zehaztu du Mintegik. «Haiekin hitz egiten dugu. Batzuei esan behar zaie txakurrak ez direla umeak, edonora eramaten baitituzte: su festetara, afarietara... Sinestezina da».

Informatzearen garrantzia

Aholkularitza nabarmendu du, halaber, Palomaresek. «Gurasoek prest egon behar dute animalia zaintzeko, zazpi urteko haur bat ez baita arduratuko». Dena den, haurrekin ere lan egiten dute. «Ume batek txakur bat nahi badu, uste dut garrantzitsua dela prozesua bete dezan: elkartearekin harremanetan jartzea, ikustea zer txakur dauden eta horiek ezagutzera joatea, paseatzera ateratzea...». Hau da, izan dezala hartu-eman bat txakurrarekin, etxera eraman aurretik. «Eta, horrela, poliki-poliki irakatsi behar zaio umeari txakurra kalera atera behar duela, garbitu, harekin jolastu, pazientzia eduki...».

Hala, animalia bat adoptatzea erabaki hausnartu bat izan beharko litzateke, eta ez sorpresan jasotako ondasun bat, Saguesen arabera. «Ondo neurtu beharko dugu ea toki egokia dugun animalia horrentzat, gure bizitza ereduarekin bat egiten duen, aktiboa den, edo zaharra den eta geldi egotea den ohikoa harentzat...». Eta, orobat, bermatu beharko da zaintzaren gastuei aurre egiteko gaitasuna. Txakurraren arabera, kopurua alda daiteke: ez dute kantitate berbera jaten animalia txikiek eta handiek, esaterako. Zaila da aurrekontu bat zehaztea, baina badaude helduleku batzuk: kasurako, Gipuzkoako Animalien eta Landareen Babeserako Elkartean txakur edo katu bat adoptatuz gero, 120 eurokoa izango da hasierako inbertsioa, Mintegik zehaztu duenez; kostu hori du bizkarroiak hiltzeak, txertatzeak, txipa ipintzeak, pasaportea egiteak eta antzutzeak, besteak beste.

«Animalia nahi badute umatzeko, ehizarako edo oparitzeko, animaliarik gabe joaten dira».

PEPE FERNANDEZ Gasteizko Animalien Babeserako Zentroko albaitaria

Horrez gain, maskotak gastu mediko finkoak ditu, Palomaresek azaldu duenez, eta beti dago ezusteetarako abagunea. «Mediku pribatuarengana joatea bezalakoa da: dena kobratzen dizute. Adibidez, auto batek txakurra harrapatzen badu, eta hanka bat apurtzen badio, ebakuntzak 1.600 euroko kostua izan dezake».

Xehe-xehe esplikatzen dizkiete kontu horiek guztiak interesatuei, eta Palomaresek uste du aholkularitzak laguntzen duela, hein batean, abandonuak prebenitzen. Ez beti, ordea. Adibide bat jarri du boluntarioak: azaltzen diete txakurkumea ohituta egon dela ordura arte haginka egitera, horrela jolasten baitzen bere senideekin, eta orain jabeari dagokiola gizakiekin bizitzen irakastea; bada, gertatu izan da handik hamabost egunera txakurtxoa itzultzea, hain justu ez diolako hozka egiteari uzten.

Gabon garaietako adopzioei dagokienez, zehazki, hiru hilabeteren ondoren damutzen dira asko: Palomaresen arabera, otsailean eta martxoan abandonuek gora egiten dute Bilbon. «Txakurrak Gabonetan oparitzen badira, hiru hilabete dituztela, otsail-martxoetarako jada ez dira izango lehengo bolatxo atseginak: sei hilabeterekin, hazi egin dira, gauzak apurtzen dituzte, lan handiagoa ematen dute, hezi egin behar dira...». APA Puppy elkartean, klausula bat ezartzen dute adopzio kontratuetan: txakurra nahi ez izatekotan, haiei itzuli behar diete. «Badakit abandonatzeko aukera zabaltzen duela horrek: baina bermatu nahi dugu ez diotela txakurra besteren bati emango, eta ez dugula galduko animaliaren arrastoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.