Joseba Agirrebarrena bere izena daraman enpresako burua da. Angulak eta ibaietan harrapatzen diren bestelako arrainak saltzen ditu Europa osoan. Ordezkaritzak dituzte Portotik (Portugal) Naonederaino (Bretainia). Kiloa 299 eta 445 euro artean zuten atzo Bretxako (Donostia) Barrenetxea arrandegian, San Sebastian egunerako eskaintza gisa.
Txalupatik ikasi zenuen angularen inguruko negozioa eta inperiotxo bat duzu orain. Nola?
Baionan, Aturri ibaian hasi nintzen arrantzan duela 25 urte. Gustatu egin zitzaidan, eta arrantzale profesional bihurtu nintzen. Gaur hemen kontsumitzen diren angulen %90 estatu frantsesean harrapatzen dituzte azken 30-40 urteotan. Ama etxea Iparraldean badugu ere, hainbat denda ditugu Hegoaldean eta biltegi bat Oiartzunen [Gipuzkoa]. Artekariak kendu ditugu, gure helburua angulen salneurria merkatzea baita, herritar guztiek erosteko moduan jartzeko.
Artekaririk ez izateak esan nahi du arrantzale talde bat duzuela zuentzat lan egiten?
Bai. 200 bat arrantzalerekin ari gara lanean. Angula kopuru handiak erosten ditugu, eta nazio askotara saltzen ditugu: Herbehereetara, Danimarkara eta Alemaniara. Baina horiek arrain haztegietan sartzen dituzte, urtebeteren buruan aingirak izateko eta haiek jateko. Esaterako: astelehenean, 500 kilo angula bidaliko ditugu Herbehereetako arrain haztegi batera, bizirik. Beraz, hemen gramoka saltzen bada, hara ehunka kiloka.
Kultura talka bat dago hor. Zuri ez al dizu minik ematen angula bezalako gutizi bat saltzea suge moduko arrain hori bihur dezaten?
Ez dit minik ematen, badudalako ekologista puntu bat: angula arrainkume bat da, azken batean. Herbehereetan, angula kilo batekin 800 bat kilo aingira lortzen dituzte; kontsumitzaileak 11-12 euroan erosten du, eta gehiago aprobetxatzen du.
Atzerritar askok nazka aurpegia jartzen dute angulak ikusita. Geu ere zer beste gauza gozo galtzen ari gara?
Lanproia. Eta asko dugu Aturrin. Saltsa bere odolarekin egiten duzu, edo txokolatearekin. Haragia dirudi. Aingira bera ere oso ona da.
Zer deritzozu diru publikoa erabiltzeaz bankuburuei angulak afaltzen emateko?
Hori egin izan da, bai. Nik neuk ezagutu dut, batez ere Bilbon: «Hau eta hau dator, eta angulak eman behar dizkiogu; berdin dio prezioak», entzun izan dut. Baina ez dut etxekalte izan nahi, nire bezeroak dira horiek ere [barre]. Zergatik batzuek bai eta besteek ez, denok bagara gizakiak? Neure filosofia da angulak popularizatzea, arrantzatzeko mugak aintzat hartuta, noski.
Zientziaren aurrerakuntzek ez al dute konponduko jende saldoen angula gosea?
Zientzialariek lortzen dutenean jaitsiko da salneurria, noski, baina ez dute lortzen. Lortu dute arrautzetatik angula sortzea, baina segundo gutxitan hiltzen da. Laborategian presio handiko giroan sortu zituzten Bretainian, baina ez zuten bizirik iraun. Beraz, derrigorrean, jateko edo haztegirako, angulak basa izan behar du, arrantzatua.
Angula arrantzalea txalupan, ibaian, gauean, kriseiluarekin. Arrantzaz dugun irudia ez al da erromantikoegia?
Bai. Lanbide gogorra da, egunak joan eta egunak etorri. Askotan, 100 gramorekin edo ezer gabe itzultzen zara, gauean zero azpitik bost orduz egon ondoren.
Halere, harrapatzera ateratzearen mina duzu?
Bai. Txikitan ere amuarrainak eskuarekin harrapatzen genituen. Anaiak erakutsi zidan. Zorte handia izan nuen arrantzale hura Aturrin ezagutu izanaz. Ez da erraza gogoko lanbidea izatea, are gutxiago orain.
ATZEKOZ AURRERA. Joseba Agirrebarrena. Arrain saltzailea
«Angulak popularizatzea da nire helburu eta filosofia»
Aturri ibaian arrantzale bat ezagutu, eta angula arrantzale profesional bihurtu zen, gaztetan, Agirrebarrena. Astelehenean tona erdia angula salduko dizkio Herbehereetako haztegi bati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu