1940ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara, mahasti artean ur biltegi asko sortu zituzten Arabako Errioxako laborariek. Mahastietako tratamendu agrokimikorako erabiltzen zituzten ur biltegi edo «putzu» horiek —hala deitzen diete eskualdeko biztanleek—, eta eskuz ureztatzeko ekipoak betetzen zituzten bertan, traktoreak eta ureztatzeko azpiegitura handiak ez zituztenean. Gaur egun, ordea, erabilerarik gabe gelditu dira gehienak, eta horietako asko «benetako tranpa» bihurtu dira animalientzat; bereziki, anfibioentzat. «Animaliak biltegietan sartzen dira, baina gero bertatik atera ezin direnez, itota hiltzen dira», azaldu du Gabriel Garcia de Marcos Aranzadi zientzia elkarteko kide eta herpetologoak.
Biltegi horietan, eskualdean dauden zortzi anfibio espezietatik bosten indibiduo helduak eta larbak aurkitu dira: uhandre palmatua, uhandre marmolairea, iparreko apo pikarta, txantxikua eta igel arrunt iberiarra. Guztiak espezie babestuak dira, eta zenbait Europako habitatei buruzko araubidearen IV.eranskinean jasota daude. «Horregatik, oso garrantzitsua da putzu horiei beste bizi bat ematea».
Espezie horiek pixkanaka gal zitezkeela ikusita, konponbide baten bila hasi ziren Aranzadi elkartekoak, eta Mahastigel/Anfiviñas proiektua ondu zuten. Duela zortzi urte ekin zioten proiektuari, eta, hasieran, urmael txikiak sortzen hasi ziren inorenak ez ziren lurretan, eskualdeko erakunde publikoek lagunduta. «Gutxi gorabehera berrogei metro karratuko urmaelak dira. Zuloa egin, estalki iragazgaitz bat eta butilozko beste bat jarri, eta urmaela euriarekin naturalki bete arte itxaroten dugu. Pixkanaka animaliak hurbiltzen dira urmael horietara, eta bizitzeko eta ugaltzeko beste aukera bat ematen diete», azaldu du Garciak.
Urmaelak sortu ditu Aranzadik azken zortzi urteetan, baina, aurten, beste urrats bat egin du proiektuak, eta, urmael berriak egiteaz gain, lur pribatuetan dauden eta jabeek erabiltzen ez dituzten ur biltegiak egokitzen hasi dira. «Jatorriz duten hormigoizko estalkia kendu eta aldapa bat jartzen diegu putzuei. Bi moldaketa sinple horiei esker, animaliak ez dira bertan harrapatuta geratzen», azaldu du Garciak.
Egokitzapen lanetarako, baina, lur horien jabeen baimena behar dute lehenik. «Haiekin hitz egiten dugu, eta egokitzapenaren abantailak azaltzen dizkiegu. Izan ere, putzuak animalientzako moldatzea oso erraza eta merkea da, eta, gainera, ez dio kalterik eragiten ez lurrari ez mahastizainei».
«Guztiok irabazten dugu»
Garciak azaldu duenez, oraingoz, ahoz aho eman dute proiektuaren berri eskualdean; bera arduratzen da, hain zuzen, mahastien jabeengana joan eta haiekin hitz egiteaz. Hurrengo hilabeteetan, ordea, hitzaldi batzuk ematen hasiko dira Arabako Errioxan zehar, mahastien eta upategien jabeei proiektua azaltzeko. «Helburua da gero eta mahastizain eta upategi gehiago erakartzea. Azken batean, guztiok irabazten dugu. Bi aldeko garaipena da; win win bat».
Izan ere, Garciaren esanetan, erabiltzen ez diren putzuak eraberritzean, nekazariek «ez dute ezer galtzen», eta horixe da proiektuaren «alderik onena»: «Mahastigel ez da batere inbaditzailea. Lurren jabeei eskatzen zaien bakarra da orain arte erabiltzen ez zituzten putzuak erabili gabe jarrai dezaten; animaliak bertan lasai bizi edo ugaltzeko».
Ordainetan, eskualdeko natura ondarea zaintzea lortzen dute laborariek, eta horrek asko asebetetzen dituela iritzi dio Garciak: «Egia da lehen sektorea jaun eta jabe den eskualdeetan ez dagoela hiriguneetan bezainbeste ingurumen kontzientziaziorik, baina hainbat animalia bizirik irauten laguntzen ari direla jakite hutsa oso pozgarria da haientzat».
Upategien kasuan, natura ondarea zaintzeaz gain, Garciaren ustez, proiektuan parte hartzea erakargarria da merkatu kokapenari begira. Villabuena herriko Luis Cañas upategiak, esaterako, dagoeneko urmael bat sortu eta hainbat putzu egokitu ditu Aranzadiren proiektuari esker. Gehiago gehitzea espero dute orain Aranzadiko kideek.
«Putzuak animalientzako moldatzea oso erraza eta merkea da, eta, gainera, ez dio kalterik egiten ez lurrari ez mahastizainei»
GABRIEL GARCIA DE MARCOSHerpetologoa eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea
Beraz, erabiltzen ez dituzten putzuak eraberrituz, nekazariek zein upategiek anfibioentzako konexio puntu berriak sortzen dituzte. «Ez soilik ugaltzeko eta arrautzak jartzeko. Anfibioek metapoblazioak osatzen dituzte, eta urmaelak edo putzuak elkartzeko eta harremanak osatzeko erabil ditzakete, bertan bizi ez arren».
Gainera, proiektuaren ardatza anfibioak izan arren, Aranzadiko kideek argi ikusi dute bestelako animaliak ere —hegaztiak, narrastiak eta ugaztunak— ur biltegietan harrapatuta geratzen zirela, eta, proiektuari esker, anfibioak ez ezik, beste espezie asko laguntzen ari direla ondorioztatu dute. «Dagoeneko ikusi dugu egokitutako putzuetan eta sortutako urmaeletan ugaztun asko edatera edo freskatzera hurbiltzen direla; orain ez dute arriskurik».