Andreon artean gogoan izaten ditugu nahi gabeko haurdunaldiak edota genital bidezko infekzioak saihesteko metodoak. Askoren ardura ere bihurtzen da: gazteena, amoranteena, amena... Gure harreman erotikoan, koitoa, lasaigarriabezain gozagarria izateko, antisorgailuei buruzko informazioa ezinbestekoa da: zeintzuk dauden eskuragarri (kondoia, femidoia, diafragma, diua, pilulak, eraztun baginala…), nolakoak diren, nola erabili behar diren, bakoitzaren alde onak eta alde txarrak zeintzuk diren, zertarako nahi ditugun, noiz erabiliko ditugun, bikotekide finkoarekin erabiltzeko diren edota beste lagun batzuekin, zein den guretzat gustukoena, zeinekin sentitzen garen hobeto…
Koitoa izan nahi badugu, femidoiak eta kondoiak dira genitalez transmititutako gaixotasunengandik eta nahi ez ditugun haurdunaldietatik babesten gaituzten metodo bakarrak. Kondoiak askoz ere ezagunak direnez, komeni da andreen kondoiari lekua egitea.
Diafragma eta kondoiaren arteko konbinazioa da femidoia. 17 zentimetro luze da, eta diametro zabalenak 7,8 zentimetro ditu. Bi eraztun moduko dauzka. Bata barruan dago; txikiena da eta solte dago. Aro hori atera eta ken dezakegu. Beste aroa muturrean dago, eta, behin ipinita, baginaren ezpainak edo ipurtzuloa estaliko ditu. Ipintzeko zaila badirudi ere, oso erraza da. Tanpoi bat ipintzea bezalakoa da. Bi hatz potoloen artean barruko aroa hartu, eta, hatz sendoa erdian ipiniz, bagina edo ipurtzulo barruan ipiniko dugu.
Femidoia gehienetan poliuretanoz eginda dago, latexa baino gogorragoa den material batez. Beraz, apurtzea askoz ere zailagoa da. Sarketa labankorra izan dadin, oso lubrikatuta dago. Kondoia baino askoz ere gehiago. Hori horrela da gure kitzikapenaren ondorioz gertatzen den baginaren lubrikazioak ez duelako sarketan lagunduko. Izan ere, gure bagina femidoiarekin babestuta egongo da.
Femidoiaren abantailak asko dira. Baina, nire ustez, badaude oso esanguratsuak direnak: lehenengoa, kondoia noiz kendu eta noiz ipini dakarren ardura gutxitzen du. Izan ere, ez da zertan koitoa baino apur bat lehenago ipini. Halaber, ez da koitoaren ostean arrapaladan kendu behar, gizonen kondoarekin gertatzen den bezala. Nahi izanez gero, askoz ere lehenago ipin dezakegu, eta semenaren isurketaren ostean, sarketari lotuta gera gaitezke lasai asko. Izan ere, esan bezala, femidoiarekin gure bagina babestuta dago.
Bigarrena, baretu egin du erekzioaren garrantzia. Alde batetik, zakilak baginan sartzeko ez duelako oso tente edota gogor egon behar. Bestetik, isurketaren ostean erekzioa guztiz galtzen bada ere, ez dago inolako arazorik barruan geratzeko.
Hirugarrena, latexiari alergia diotenentzat oso irtenbide erraza da. Kondoiarekin txarto moldatzen direnentzat ere aukera polita izan daiteke sarketa pratikatu nahi izanez gero.
Laugarrena, gizon askok, arrazoi askorengatik, ez dute kondoirik ipini nahi. Baina guk, andreok, nahi izanez gero, badugu aukera gure antisorgailua ipintzeko.
Aukera interesagarria, beraz, sarketaz beste modu batean gozatu nahi badugu. Eta ez bada gure gustukoa, aukera paregabea izango dugu beste modu batean gure gorputzaz gozatzeko eta konplizitateak bilatzeko.
Osasuna. Sexologia
Andreentzako kondoia: femidoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu