TXAPELA BURUAN. Irati Azkargorta Galarza. Andorran bizi den iturmendiarra

«Andorra paradisua da naturan kirola egitea maite dugunontzat»

Fisioterapia gradua egin ostean, Irati Azkargorta nafarra Andorra la Vellara aldatu zen iaz. Hilabete gutxi zeramatzan han konfinatzera behartu zutenean. Itxialdia igarota, lanean hasia da berriz.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Sakanako herri txiki batetik Europako metropolirik handienetako batera, eta, handik, mendialdeko lasaitasunera atzera ere. Hori izan da Irati Azkargorta Galarza (Iturmendi, Nafarroa, 1993) fisioterapeuta nafarraren ibilbidea azken urteetan. Andorra la Vellan «oso gustura» bizi da, baina aitortu du Euskal Herriko «giroaren» mira duela.

Zergatik erabaki zenuen Andorrara lekualdatzea?

Erabakia hartu nuenean, Bartzelonan bizi nintzen. Han egin nuen Fisioterapia gradua, baita zoru pelbikoa indartzeko espezializazio master bat ere. Ikasketak bukatuta, lana topatu, eta gustura ari nintzen. Hala ere, ordurako luzeegi nabari nuen egonaldia. Ez nuen ikusten neure burua han bizitzen: Bartzelona hiri handia da, handiegia niretzat, eta mendiaren falta sumatzen nuen.

Argi zenuen erabakia, beraz.

Berez, bi aukera nituen mahai gainean: Euskal Herrira bueltatu ala Europako beste herrialde batera mugitu. Burutik pasatu zitzaidan Frantziara joatea, hango fisioterapeutek ospe ona dutelako, eta prest nengoen pausoa emateko. Frantsesa ere ikasi nuen horretarako. Iazko uztailean, baina, Andorrara etorri nintzen lasterketa bat korritzera, eta ezagun batek esan zidan lanerako aukera ere izan nezakeela. Andorrako Fisioterapeuten Elkargora curriculuma bidali, enpresakoekin elkarrizketa egin, eta berehala eskaini zidaten postua. Oso azkar joan zen dena.

Zer aurkitu duzu Andorran?

Andorra la Vella oso hiri txikia da; eskura daukat dena, eta, handik aterata, mendian nago. Hori izan da hona etortzeko gakoa: naturan kirola egitea maite dugunontzat, hau paradisua da. Bestalde, Andorra herri bat da, eta horixe da daukan gauzarik politena: jendeak elkar ezagutzen du, eta familiarteko giroa nabari da. Itzalen bat aipatzekotan, autoarekiko menpekotasuna aipatuko nuke: hirigunetik ateraz gero, edonora joateko behar duzu.

Eta lanari dagokionez ere gustura al zabiltza?

Bai, ezinago gustura. Oso lantalde dinamikoa dugu hemen. Bakoitzak bere espezialitatea dauka: batzuek kirolari lotutako fisioterapia, beste batzuek errehabilitazioa... Lankideak prest daude, nork bere esparruan, kontzeptu berriak irakasteko. Asko ari naiz ikasten, garatzen eta neure ogibidean aurrera egiten, lankideei esker ez ezik, baita jendearekiko tratuari esker ere.

Gogorra izan al zen konfinamendua etxetik kanpo igaro beharra?

Hasieran ez nintzen jabetu egoeraren larriaz. Andorran gelditzea erabaki nuen, baina ez nuen uste hainbeste denborarako izango zenik. Geroago konturatu nintzen: ikusi nuen hilabeteak pasatzen zirela, eta ni hemen nengoela, ezin aterata, Iturmendira joan gabe eta familia ikusi gabe. Bestalde, denbora gutxi neraman Andorran bizitzen, eta dena ezezaguna zen niretzat. Baita etxekidea ere. Pentsa etxean itxita egon beharra duzula duela sei hilabete ezagutu zenuen pertsona batekin. Ongi konpondu ginen, baina hasieran ezinegona pizten zidan horrek. Azkenerako, ordea, egoeraren kontzientzia hartu, eta itxialdia baliatu nuen pila bat ikasteko, irakurtzeko, ariketa fisikoa egiteko... Eta kozinatzeko! Asko kozinatu dut egun hauetan.

Fisioterapia zentroa ere itxita izanen zenuten...

Bai, konfinamendua ezarri zutenean esan ziguten egun batzuetako kontua izango zela. Etxera bidali gintuzten, eta larrialdiak soilik artatzen genituen: ebakuntza bat egin berri dieten pertsonen edo arnas aparatuko gaitzak dituztenen errehabilitazioak, besteak beste. Oso lan gutxi izan genuen egun horietan. Gero, itxita egon zen zentroa, eta aldi baterako eten ziguten kontratua. Orain, era progresiboan ari gara lanera bueltatzen, lanaldi murriztuarekin.

Konfinamenduaren ondorioz, areagotu al da fisioterapia jasotzeko beharra?

Ez dut aparteko aldaketarik nabaritu. Denetarik heltzen zaigu zentrora: eserita ordu asko ematen dituzten langileak, lesioak dituzten kirolariak, iktusen bat izan duten pertsonak, haurdun dauden emakumeak... Konfinamenduari dagokionez, ohiturak ez dira askorik aldatu: ordenagailu baten aurrean lan egiten zutenek berdin-berdin segitu dute, telelanaren ondorioz; hortaz, ez dago alde nabarmenik. Hasieran uste nuen, dena den, jendeak kirola egiteko ohitura handiagoa hartuko zuela, horretarako denbora zutenez gero. Oker nenbilen, ordea: lehenengo asteetan bai, korrikalari gehiago ikusi nituen kalean, baina gutxi iraun zuen fenomenoak. Andorran, ekainaren 1ean amaitu zen konfinamendua, eta jendea bere ohiko bizimodura bueltatu zen berehala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.