Eusko Legebiltzarrak Andoni Aldekoa (Orozko, Bizkaia, 1969) izendatu zuen atzo EITBko zuzendari nagusi, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; kontra bozkatu zuten EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, PP-Ciudadanosek eta Voxek. Izan ere, Maite Iturbek kargua uzteko borondatea erakutsi zuen, zazpi urtez lan horretan aritu eta gero. Eta Aldekoa proposatu dute Eusko Jaurlaritzan dauden bi alderdiek.
Oposizioko taldeek auzitan jarri zuten Aldekoaren «independentzia» —hamasei urtez Bilboko Udalean aritu zen beharrean, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren komunikazio aholkularia izan zen 2015etik 2017ra—.
Joseba Diez EAJko legebiltzarkideak, aldiz, oposizioko taldeei leporatu zien «akats estrategikoa» dela Aldekoa kritikatzea izendatua ere izan aurretik. «Ez duzue haren kudeaketa ikusi». Aldekoaren ibilbidea defendatu zuen ordezkari jeltzaleak: «Erakutsi du ibilbide arrakastatsua komunikazioaren munduan. Eskarmentua du sozietate publikoen kudeaketan. Ziur gaude ondo egingo duela». PSE-EEko legebiltzarkide Miren Gallastegik, aldi berean, nabarmendu zuen Aldekoak ondo ezagutzen duela komunikazioaren sektorea. «Bere ibilbidean, izaera irekia eta elkarrizketaren aldekoa erakutsi du», gaineratu zuen Gallastegik.
EITBko erredakzio kontseiluek (irrati, telebista zein Internetekoek) salatu dute Aldekoak ez duela «euskara menperatzen». Legebiltzarreko talde politikoen artean, soilik EH Bilduko Jasone Agirrek jarri zuen mahai gainean ea Aldekoak euskaraz ondo egiten duen ala ez. «Inkognita bat da bere euskara maila. Argi dago ez dela euskaltzalea: Twitterren azkeneko urtean, ez du euskaraz idatzi». EHE taldeak, berriz, euskararen aurkako erasotzat jo du Aldekoaren izendapena.
Agirrek, bestalde, nabarmendu zuen Aldekoak ez duela goi mailako titulaziorik. EH Bilduko ordezkariak prozedura kritikatu zuen, eta salatu zuen ez dela eztabaidatu ere egin koalizioak egindako proposamena, EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publiko bidez aukeratzeko. Hau galdetu du Agirrek: «Zer beldur dago EITBko zuzendari nagusia lehiaketa publikoz aukeratzeko?».
EH Bilduk egin moduan, lehiaketa publikoa defendatu zuen PP-Ciudadanosek, EITBko zuzendari nagusia aukeratzeko.Talde horretako Luis Ignacio Gordillok, gainera, kritikatu egin zuen prentsaren bidez jakin izana EAJk eta PSE-EEk zein pertsona aukeratu duten postu horretarako. «Beste EITB bat posible da: denontzat izango den EITB bat, eta pluralismoa defendatuko duena».
Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide David Sotok salatu zuen «alderdikoikeria» dagoela EITBn. «Taldeko langileek inkesta batean hori bera salatu zuten». Bestalde, azaldu zuen ez dakitela ezer Aldekoaren proiektu estrategikoaren inguruan. Aldekoaren dohainengatik baino, izendapena egiteko prozedurarekin agertu da kexu Elkarrekin Podemos.
Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezen iritziz, «lotsagarria» da EITBn dagoen «kontrol politikoa».
Azkunaren kabineteburu
Aldekoaren ibilbide profesionalari dagokionez, honako hedabide hauetan egin du lan: SER-Radio Bilbaoko erredaktorea izan zen, Radio Llodio-Cadena SEReko albistegietako erredaktoreburua, eta Canal Bizkaia tokiko telebistan albistegietako zuzendari kargua bete zuen.
Bilboko Udalean, bestalde, hainbat kargu bete zituen Iñaki Azkuna (EAJ) alkate izan zen legealdietan —besteak beste, Azkunaren komunikazio arduraduna izan zen—. Basque Country egitasmoa martxan jartzeko lanean aritu zen, bidenabar.
Europako Parlamenturako hauteskundeetan, iaz, Ceus Europako koalizioan seigarren tokian joan zen Aldekoa —Izaskun Bilbaoren ostean, EAJren bigarren hautagaia—.
Iñigo Urkullu lehendakariaren komunikazio aholkularia izan eta gero, 2017an Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendari izendatu zuten. Eta lan horretan aritu da azkeneko hiru urte hauetan, EITB taldea zuzentzeko mandatua jaso duen arte.
Andoni Aldekoak soilik EAJren eta PSEren aldeko botoak jaso ditu
EITBko zuzendari nagusi berria izendatu du Eusko Legebiltzarrak. Oposizioko taldeek kontra bozkatu dute, eta prozedura kritikatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu