Datozen urteei begira zein asmo orokor izango dituen iragarri du gaur EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak, Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean, izendatua izan osteko lehen agerraldian. Azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz eman ditu EITBko zuzendari nagusi berriak; euskaraz erantzun duenean, nahiko trakets, makina bat akats eginda.
Informazioarekin lotutako edukiak eta Interneteko eskaintza indartu nahi dituela nabarmendu du, eta lehen «helburu pertsonal» gisa jo du EITBko sozietateak batzea. Prozesu hori hasia dago dagoeneko —iazko abenduan iragarri zuen bat egitea Maite Iturbe aurreko zuzendari nagusiak—. Hain zuzen ere, Iturbe Miramongo ekoizpen zentroko (Donostia) arduradun nagusia izango da aurrerantzean; aurreko arduradunak, Xabier Arizkorretak, erretiroa hartu du.
Eskaintza digitalaren barnean, Aldekoak iragarri du gailu eramangarrietarako bi aplikazio sortuko dituztela laster: EITB Albisteak eta EITB Nahieran. «Komunitate digitala sortu behar dugu».
Bestalde, irratietan eta telebistetan, kanalen «pertsonalizazioan» sakonduko duela azaldu du EITBko zuzendari nagusi berriak. «Euskararen aldeko apustua» egingo duela nabarmendu du. «Belaunaldi desberdinentzat euskara erakargarri egin behar da, eta esperientzia egokia eskaini». Gazteen kontsumo joera berrietara egokitzea funtsezkotzat jo du, halaber, Aldekoak.
Zerbitzu publikoaren aldeko aldarria behin baino gehiagotan egin du EITBko arduradun berriak. «EITBko hedabideek erantzukizun kolektiboa erakutsi behar dute. Horren beharra ageria geratu da COVID-19aren pandemiarekin». Bestalde, EITBk «elkarbizitzaren» aldeko apustuarekin jarraitu behar duela azaldu zuen. «Horretarako, EITBk Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin elkarlana sakonduko du. Elkarren arteko ikus-entzunezko memoria proiektu batean egingo dugu lan».
Talde publikoaren gizarte erantzukizunean ere arreta jarri zuen Aldekoak. «Horren garapenean lagundu nahi dut. EITBren oinarrietan sinesten dut: neutraltasunean eta independentzian».
Sozietateen bat egiteak EITB Media bateratua ekarriko du. Talde osoarentzat politika korporatibo berbera martxan jarri nahi du datozen bi urteetan, baita zerbitzu politika bera ere. «Enpresarik ez badago, ez dago etorkizunik», gaineratu du. Era berean, azaldu du EITB Media talde osorako lan hitzarmen bakarra nahi duela, «gaur egun desberdinak daudelako hedabide bakoitzean».
Enpresa orokor bakarra egoteak, dena den, ez du ekarriko espezializazioak desagertzea. «Mantendu egingo ditugu irratiko taldeak, telebistakoak eta Internetekoak. Espezializazio tekniko eta profesionala egon behar dira, eta espezializazio bertikalak garrantzitsuak dira».
Datozen asteetan, EITBko zuzendaritza taldea osatuko duten profesionalen izenak jakinaraziko dituzte. Estrategia eta komunikazio zuzendari berria izango du taldeak, Andoni Aranburuk erretiroa hartu baitu. Aldekoak aipatu du «etxeko» profesionaletan sinesten duela. «EITBko langileekin lan egiteko asmoa daukat», gaineratu zuen. Edonola ere, aldaketak egongo dira zenbait ardura postuetan.