EITB

Andoni Aldekoak esan du EITBk bikoizketa indartuko duela

Primeran streaming plataforma berrian euskara «oso garrantzitsua» izango dela azaldu du EITBko zuzendari nagusiak, Eusko Legebiltzarrean.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 15a
16:52
Entzun

«Kontsumo berrien eta euskarri digitalen aurrean, euskal ikus-entzunezko edukiak eta euskarazko edukiak bermatzea» da EITBk datozen urteei begira dituen erronka nagusietako bat. «Gure hedabideek erreferente izan behar dute euskal gizartearentzat informazioan eta zerbitzu publikoan, eta, aldi berean, gazteekin konektatu, munduari euskal leihoa ireki eta jasangarritasuna bermatu», azaldu du gaur Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, Eusko Legebiltzarrean. Aldekoak EITB 2030 Estrategia dokumentua aurkeztu du azkeneko asteetan zenbait eremutan: Europako Parlamentuan, EITBko administrazio kontseiluan, Seriesland jaialdian eta sektoreko profesionalen aurrean. Legebiltzarrean aurkeztu zuen atzo datozen urteetarako estrategia.

EH Bilduko Jasone Agirreren galderei erantzutean, Aldekoak adierazi du bikoizketa indartu egingo duela EITBk —Jaurlaritzaren aurrekontuen arabera, bikoizketarako eta azpidatzietarako diru saila halako bi izango da 2022an, baina ez dute zehaztu zer hizkuntzatara bikoiztu eta azpidatziko den—.

Primeran streaming plataforma berrian euskara «oso garrantzitsua» izango dela azaldu du EITBko zuzendari nagusiak. «Filmak, fikzioak eta bestelako produkzioak euskaratzen saiatuko gara. Euskarazko biblioteka bat behar dugu». Edonola ere, onartu zuen plataforma horretan egongo direla gaztelaniazko edukiak. «Helburua da Primeranplataforma orokor bat izatea. Euskara erdigunean egongo da, eta edukiak izango dira gaztelaniaz eta beste hizkuntza batzuetan». Primeran plataformaren hizkuntza hautuaren inguruan, EAJko Joseba Diez Antxustegik zera esan du: «Modu inteligentean jokatu behar da. Dena euskaraz egiten badugu, egongo da jendea ez dena etorriko edo ihes egingo duena. Plataformak euskara izan behar du ardatz, baina gaztelaniazko edukiak badaude, jende gehiago etorriko da».

Primeran plataformaz gain, EITBk martxan jarri nahi ditu beste proiektu hauek: ETB Miramon Faktoria berria abiatzea; euskarazko eskubideak eta ekoizpena babestea; macrocasting bat egitea; gardentasun atari berria sortzea; eta Nafarroako egoitza berritzea.

PSE-EEko legebiltzarkide Miren Gallastegik gogoratu du kontratu programa berria sinatu behar duela EITBk, eta hori «funtsezkoa» izango dela. PP-Ciudadanoseko Luis Gordillok esan du EITBk «kalitatezko zerbitzu independente» bat eskaini behar duela, eta ez ETB2 erabili «audientzia lortzeko». Voxeko Amaia Martinezek, berriz, salatu du EITBko zenbait kazetari «delituaren mugan» ibiltzen direla bere alderdiaren aurka «isekan» aritzen direnean.

EH Bilduk Miramongo egoitzaren egoera kritikatu du, eta Agirrek gogorarazi du egoitzak zituen 150 lanpostuetatik 35 galdu egin direla azkeneko urteetan. «Ez dira bete hutsune horiek, eta lan hitzarmena ez da bete». Aldekoak zera erantzun du: «Hurrengo urtean Miramon Faktoria proiektuarekin hasiko gara. Kontratazioekin hasiko gara; proiektu mardula da, eta ondo egin behar dugu». Ikus-entzunezkoen ekoizpen gune handi bat sortu nahi luke EITBk Donostian. Datu bat: 2015eko abendutik hona, ETBk ez du telesail bakar bat ere grabatu Miramonen. Eskamak kentzen izan zen azkenekoa.

Berdintasuna pantailaren bi aldeetan
Eusko Legebiltzarrak erdibideko zuzenketa bat onartu du —hasierako proposamena EH Bildurena zen, eta EAJrekin eta PSE-EErekin adostu du gero— EITBko zuzendaritzari eskatzeko emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatua saio eta esparru guztietan. BBCko ordezkari batek Eusko Legebiltzarrean 50:50 metodologiaren berri eman zuen, «On the screen and behind the screen» (pantailan eta pantailaren atzean) irizpideari jarraiki. Eta erdibideko zuzenketan, legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatu dio jartzeko harremanetan BBCrekin edo Europako beste hedabide publiko batzuekin, «berdintasuna bermatzeko erabiltzen dituzten metodologiak aztertzeko» eta 50:50 metodologia nola erabili ezagutzeko. Ez dute epe mugarik finkatu. Talde batzuek azaldu dutenez, EITBko langileen %58 dira emakumezkoak. Pantailan ikusten denaren oreka dute, beraz, landu beharrekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.