Pamela Anderson aktorearen eta Tommy Lee rock bateria jotzailearen arteko harremanean oinarrituta, Hulu plataformak Pam & Tommy fikziozko telesaila estreinatu zuen iazko otsailean —Euskal Herrian Disney Plus plataforman jarri zuten, eta ordutik dago bertan ikusgai—. Fikzio hark bikoteak grabatutako bideo intimo bat kontatzen du batez ere —bien arteko sexu harremanak tartean—, nola lapurtu zuten, eta nola bilakatu zen bideo birala. Milioika bideo zinta saldu ziren. Eta Internet hastapenetan zela, banatzaileentzat diru iturri agorrezina bilakatu zen: 71 milioi euro inguru irabazi zituzten banatzaileek bideo harri esker. Telesailak oihartzuna izan du. Eta Pamela Andersonek bere bizitza nondik nora joan den kontatu nahi izan du orain dokumental batean. Netflixek etzi estreinatuko du Pamela, a love story lana.
Estreinaldiaren aurretik ikusi ahal izan du BERRIAk dokumentala. [Oharra: baliteke spoiler-en bat egotea hurrengo lerroetan].
Andersonek bere memorietan — datorren astean argitaratuko du Love, Pamela liburua— kontatu duen pasadizo batek AEBetako hedabideen lerroburu batzuk bete ditu egunotan: Tim Allenek zakila erakutsi ziola Home Improvement telesailaren grabaketa batean.
Dokumentealean ez da Allenen zakila ageri. Aldiz, Andersonek jasandako beste eraso batzuk ageri dira. Umezainak tratu txarrak eman zizkion haurtzaroan. Gainera, 12 urte zituela, 25 urteko gizon batek bortxatu egin zuen. Eta mutil lagun batek martxan zen auto batetik jaurti egin zuen.
Bestetik, Andersonek tratu txar fisikoak jasan zituen Tomy Lee senarraren eskutik, haien bi umeen aurrean. Kartzelan sartu zuten Lee, sei hilabeterako.
Gertaera horien guztien kontakizuna kontrolatu nahi izan du orain Andersonek. Haren seme Brandon Lee da dokumentalaren ekoizlea. Agerikoa da filmean kontatzen den guztia Andersonek berak egiaztatu duela.
Ez zen halakorik gertatu Hulu plataformako telesailarekin. Kanadako aktoreak dokumentalaren une batean aipatzen du fikzioaren egileek ez zutela harekin hitz egin. Minduta nabari zaio horregatik. Dokumentalean, halaber, modu argian islatzen da biralizatu zen bideo intimoaren oihartzunak zer-nolako eragin kaltegarria izan zuen bikotearengan. Haien lehen semea jaioberria zen, eta paparazziak zituzten jazarka edozein tokitan. Auzibidea ere ez zitzaien erosoa gertatu.
Andrearen kosifikazioa
Dokumentalean, Andersonek ez du ezkutatzen nola iritsi zen Kaliforniara. Playboy aldizkariaren dei batek eraman zuen AEBetako Mendebaldeko kostaldera. Gaztetan, larrutsik agertu zen aldizkari horren zenbaki ugaritan. Ondotik, 1992. urtean, Baywatch telesailean hasi zen lanean —David Hasselhoff zen protagonista—. Telebistako saio horrek nazioartean ezagun bihurtu zuen Anderson.
Playboy aldizkariko argazkietan agertzen jarraitu zuen hurrengo urteetan. Zineman, bestalde, Barb Wire filmeko protagonista izan zen, baina porrota izan zen —grabaketetako asteetan, abortu bat izan zuen—.
Dokumentalean bertan, Andersonek kontatzen du Hollywood inguruko hainbat gizonekin izan zituela harremanak. Une batean, txantxa bat egiten du maitemintzeko eta ezkontzeko izan duen zaletasunarekin.
Kontua da Leerekin batera ageri zen bideo intimoaren zabalkunde handia dela eta, eremu askotan errespetua galdu ziotela Andersoni. Aktoreak berak zera dio: «Late night-etako txantxa bilakatu nintzen, marrazki bizidunetako pertsonaia bat, nire karikatura bat». Telebista saioetan, elkarrizketatzaile gizon guztiek galdetzen zioten haren titiengatik. Larry King, Jay Leno eta bestelako late night-etako aurkezle izarrek etengabe egiten zioten erreferentzia bere titiei. Argi denez, oso gaizki zaharkitu dira telebistako irudi haiek. Emakume gorputzaren kosifikazio narrasa antzematen da artxiboko irudietan.
Dokumentala, neurri batean, zorrak kitatzeko modu bat da Andersonentzat. Baina bada erredentzio ariketa bat ere. Horretan ari da. Azkeneko urteetan,ingurumen gaietako aktibista gisa aritu da. Iaz, Chicago musikala interpretatu zuen Broadwayn, eta kritika onak jaso zituen. 55 urte ditu orain Andersonek. Eta ez du isilik gelditzeko asmorik.
Andersonek hitza hartu du
Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu