Mattin Larzabal. Ekainaren 2an zendu zen Gure Irratian hiru hamarkadaz (1982-2012) esatari izan zena. Euskaltzale eta euskal kazetari kultuaren biografia aztertzen hasita, euskarazko irratigintza modernoaren hastapen eta garapenarekin egiten dugu topo derrigor. Jendea arretaz entzuteko gaitasuna eta entzulearenganako hurbiltasuna erakusteagatik Rikardo Arregi kazetaritza saria eman ziotenean, kasik orduan deskubritu genuen barkaziorik merezi ez dugun hegozentrista askok erretreta hartzear zela, hain justu. EITBko irrati publiko erdaldunaren albistegien obituarioan errazago eman diote tokia Rosa Maria Sardari edo Pau Donesi, Larzabali baino; samina haiekin adierazi da aiseago, gertuagokoak zaizkielako. Egunotan EAEn Kantabriarekin erakutsitako mugaz gaindiko estimazioa (Iparraldearekin edo Nafarroarekin ez bezainbat) anekdotatik harago doa.
Gertutik. Aiherrako kalakari libertarioaren nortasunera hurbiltzeko, ongi datozkigu Euskal Irratiek egunotan zintzilikatu dizkiguten zenbait testigantza, Janbattitt Dirassar eta Luzien Etxezarreta lankideekin. Nolanahi ere, zer hobe 30 urtez besteen kontakizunak aireratzea bokazio izan zuen esataria bere buruaz hizketan entzun ahal izatea baino? EIn, Bihotzeko fonoteka saioan, Nekane Peñagarikano esatariak eta biak 2018ko udan eduki zuten solasaldi sosegatua daukagu entzungai. Merezi du.
Hartu ala utzi. Hamar puxtarri Realeko Igor Zubeldia azkoitiarrarentzat, eredugarri eliteko kirolari euskaldunentzat. Berari egokitu zitzaion entrenamendu osteko adierazpen ezin transzendentalagoak egitea ostegunean, eta euskara hutsean egin zituen, telematikoki. Realaren azken albiste freskoekin prentsan orrialdeak edo uhinetan minutuak bete nahi izan zituen kazetari erdaldunari, hartu ala utzi, beste erremediorik ez zitzaion geratu. Eta kosk egin behar izan zioten amuari, normalki euskarari bizkar emanez dabiltzan zenbaitek. Esaterako, REn Kirolaldia (14:15-15:00) saioan euskarari ateak ireki zizkioten Julian Ugarte eta Asier Kareagak. Halatsu jokatu zuten Ser Deportivos Gipuzkoa (15:25-16:00) saioko Jorge Beristain eta Roberto Ramajo esatari giputxiek, San Sebastian irratiko entzule finen harrigarri. Aurrerapen txikia euskarazko irratigintzarentzat, historikoa SER bezalako irrati erdaltzale batentzat.
UHINETATIK TIRAKA
Zubeldiaren gola eskuadran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu