Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Zoriona

2014ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Batzuetan nago gure bertsolari zaharrek, Ahetzeko Mattinek edo berdin Lazkao Txiki batek, gaurkoak nola kontatuko zituzten. Nola aipatuko zituzten egun hauetako bi gertakari, Eurovision kantari lehiaketa honetako Conchita Wurst austriarraren garaipena, eta Frantzian toki batzuetan ospatu Zaiaren Eguna. Gizona gizon, saskipetik ere, dio gure erran zahar batek. Bai, baina... horra gogoetagarriak!

Mutikoei zaiak jantzaraztea, neska mutilen arteko ezberdintasunak edo parekotasunak sendiarazteko, horra Zaiaren egunak egin nahi duena. Ez da denen gustukoa, Frantzian «generoak» piztu gerraren oihartzunik bada hor, eta Adamen kostatik omen sortu Eva handiak badu oraindik protestagai ugari! Mattinek zaiari abantailak ikusten zizkion, bertso batzuetan azaldu zituen Oiartzunen 1971n, moda denda gaian: «pulitagoa dela neri zait iduri / aski duzue beiratzea neska gaztieri / zoñen pulitak diran ixterrak ageri!» Baina, kontuz, sexismo eta matxismotik gertu ziren, eta gara.

Conchitarena gogoragarria da: gizon emakume bilakatua, guziz elegantea, muxkila, Senperen dioten bezala, bizar beltz batekin oholtza gainera azaldu zen. Hor sexu nortasunaren bidegabekeria salatu nahi zuen, eta «etorkizun diskriminaziorik gabekoan sinisten duten guztien garaipena» zela azpimarratu zuen. Nahiz errusiar buru handi batek deklaratu «sobietar armadak okupatu Austriaren uztea huts nabaria izan zela» edo batzuek erran «jendarte oinarririk gabekoaren irudia» zela hor, «ezberdintasunaren ospatze bat» ikusten dute besteek. Horra bertsoaren gaia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.