Irati Diez
Biologoa

Zimurrak

2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Pertsona baten gutxi gorabeherako adina kalkulatzeko, batzuetan nahikoa zaigu haren aurpegira begiratzea. Zenbat urtez bizi izan ote da? Erantzuna emateko pista ederra ematen digute zimurrek. Tematu gaitezke haien agerpena atzeratzen edo horiek ezkutatzen, baina zimurrak beti agertuko dira. Gizakiotan zahartzearen zeinua dira, eta alde horretatik esker onekoak izan gaitezke, animalia batzuk zimurtuta jaiotzen baitira.

Baliteke bekokian geroz eta sakonagoa den zintzur horri begirune txikia izatea, baina animalia zimurtu batzuei maitasun berezia diegu. Horren adibide dira elefanteak. Pakidermo horiek tripa barruan daudenean zimurtzen hasten dira. Elefanteen zimurrak ez dira zahartzearen ondorio zuzena, eta tronparen kasuan, ezaugarri bitxi bat gordetzen dute. Elefanteak, bai Afrikakoak (Loxodonta africana eta Loxodonta cyclotis) eta baita Asiakoak (Elephas maximus), eskuinak edo ezkerrak dira, eta normalean tronpa maizago kiribiltzen dute alde batera bestera baino. 

Tronpa hainbat funtziotarako erabiltzen dute elefanteek; besteak beste, objektuei heltzeko eta elikatzeko. Horregatik, urtean milioi bat aldiz kiribiltzen dute tronpa. Eskuinak badira, tronparen eskuinaldean zimur gehiago pilatzen zaizkie, eta zimur horiei esker, gainera, tronpa errazago eta hobeto mugitu dezakete.

Beste animalia zimurtu ezagun bat xibarta da (Megaptera novaeangliae). Zetazeo bizardun horrek paparrean azal-tolesturak ditu pilatuta, eta hauek ere elikatzearekin dute lotura. Xibartak planktonez eta arrain txikiz elikatzen dira, eta ahotik ura hartzen dute gero bizarretatik kanporatzeko. Elikagaia, ordea, bizarretan harrapatuta geratzen da. Xibartak ditu zimur luze eta sakonak eta aho barrunbe handiagoa sortzea ahalbidetzen dute, ur eta, beraz, elikagai gehiago hartzeko.

Zorionez edo zoritxarrez, gizakiotan ez dirudi zimurrek funtziorik dutenik; zahartzearekin agertzen dira, besterik gabe. Hobe esanda, zahartzen garelako zimurtzen gara. Adintzen goazen heinean, aurpegiko kolageno gutxiago ekoizten dugu, eta azalaren malgutasuna murrizten da. Dermisaren azpiko gantza ere gutxitzen da urteekin, eta gaineko azalak euskarria galtzen du. Aurpegia da gehien erakusten dugun gorputzeko eremua, eta eguzkiak eta gainerako ingurumen faktoreek prozesua bizkortzen dute. Horrek guztiak zimurrak sortzea eragiten du.

Pentsatzen jarrita, konturatuko gara animalia askok dituztela zimurrak jaiotzetik, eta funtzio jakin bat dutela. Zizareak, arrainak eta hainbat narrastiren azala ere zimurrak dira… Gure kasura itzulita, esan ohi da barre asko egiten dutenek zimur gehiago dituztela edo izango dituztela. Hori ere zalantzan jarri beharreko baieztapena denez, funtzio bat izatekotan, zimurrak jakituriaren eta esperientziaren erakusgarri izenda ditzakegu, belarri handiak bezalaxe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.