«Nik nahiko nukeena da zientziak dagokion zeregina eta lekua edukitzea gizartean. Zientzia izatea tresna bat gure arazoak konpontzen lagunduko diguna; ekarpena egitea, noski, kliman eta ingurumenean, baina baita desberdintasun sozialetan, inklusibitatean... ere. Eta urgentea da. Baina irudipena dut zientziak kapitalismoaren anaia ergelaren rola jokatu duela maiz. Zientzialari askok esan dute: ‘Ez, ni ez naiz arazo horietan sartzen, nik ikerketa egiten dut’. Jarrera horrek, ordea, konplize izatea dakar».
Javier Armentia Fructuoso astrofisikariaren eta zientzia-dibulgatzailearen hitzak dira, eta Elhuyar aldizkariaren abenduko zenbakian daude jasota. Esaldi honekin bukatu zuen elkarrizketa: «Zientziaren balio soziala berreskuratu behar dugu».
Batek pentsa lezake Armentiaren nahia zientzia oso barrutik bizi duen norbaitena dela, eta ez diola gizarte osoari axola. Alabaina, bere eskaera Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasota dago (27. atalean, lehen puntuan): pertsona orok du eskubidea zientziaren aurrerakuntzan parte hartzeko eta hark sortzen dituen onurak jasotzeko. Puntu berean, antzekoa dio arteari buruz, nahiz eta gure gizartean leku, garrantzi eta esangura oso desberdinak dituzten bi jarduera motek: zientifikoak eta artistikoak.
Nolanahi ere, begi bistakoa da ikertzaile gazte mordoa dagoen arren oraindik ere zientzia jarduera ez dagoela denen eskura. Generoak, maila sozio-ekonomikoak, herritartasun-agiriak... eragin nabarmena dute. Science aldizkariak adibide argi bat dakar. Haren arabera, lenacapavir hiesaren kontrako txertoa da 2024ko aurrerapen zientifiko teknologiko nabarmenena. Izan ere, txertoak %100eko babesa ematen du, sei hilabeterako. Eraginkortasuna aintzat hartuta, ez dago zalantzarik iraultza ekar dezakeela hiesaren prebentzioan.
Baina bat dago, ordea: txerto horren egungo politika komertzialak kanpoan utzi ditu egoera okerrenean dauden herrialdeak eta herritarrak. Adrian Alonso Zuzenbidezko Osasuna fundazioko ikertzaileak emandako datuen arabera, lenacapavir txertoak urtean 40.000 dolar balio ditu pertsonako, nahiz eta zenbait ikerketak erakutsi duten ekoitz daitekeela urtean 40 dolarrean, pertsonako.
Gero eta zientzialari gehiago ari dira aldarrikatzen aurrerapen zientifikoen onura ez dagoela soilik zientziaren eta zientzialarien esku, baizik eta gizartearen gain eragiten eta erabakitzen duten instituzio, erakunde eta agintarienetan. Horren erakusgarri da klimaren arloan dabiltzan ikertzaile asko gizarte mugimenduetara batu izana.
Beste arloetan ere indartzen ari da zientzialariak politikan eragitearen aldeko joera. Horrek talka egiten du duela gutxira arteko jarrera nagusiarekin, orokortuta baitzegoen zientzialariek politikatik aparte egon behar zuten ustea, zientziaren ustezko objektibotasunaren eta neutraltasunaren izenean. Argi dago politikari batzuek ere nahiago dutela hala izatea... 2025ak ekarriko du zeresana horretan ere.