santi leone
Maratila

Zientzia fikzioa

2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Nire lagun batek dio foruak pikutara igorri beharko genituzkeela. Haren ustez, arrazoi dute espainolek: foruak pribilegioak dira, eta, gainera, ederki baliatu dituzte batzuek ustelkeria forala justifikatzeko. Beraz, Euskal Herri imajinario baten alde, independentziarako komeni zaiguna komeni zaigun tokian bilatu beharko genuke. Danimarkako konstituzioko balioak, konparaziorako, egokiak eta demokratikoak balira, inolako lotsarik gabe kopiatu beharko genituzke, eta foruak, antigoaleko gauza guziekin batera, museo batean altxatu.

Tradizioa arruntean ez baztertzeko, erran dezagun Shakespeare ere alde izanen genukeela, berriki aurkitu baitute haren bi aipu famatuenetarik nahasiak zeudela, eta honela eman behar direla: «Denmark shall be the wonder of the world», eta «Something is rotten in the state of Navarre». Mirandaren kontabilitatez ari ote zen William?

Aldi berean, ikertzaileek jakin dute T. S. Elioten 1917ko The Love Song of Alfred J. Prufrock poemak, jatorrian, bertze izen hau zuela: The Love Song of Robert J. There. Poemako lerro batzuk («Ez naiz Hamlet printzea, eta inork ez zuen hori izaterik espero / jauntxo laguntzailea naiz / begirunetsua, pozik erabiltzen banaute, / esaldi hanpatuez betea, baina ergel samarra, / batzuetan ia-ia barregarria, / ia-ia, batzuetan, arlote hutsa»). Bistan da Roberto Jimenez Alli Nafarroako lehendakariorde ohiaz ari dela Eliot lerro horietan, eta, Shakespearerek bezala, ederki igarri ziola gure etorkizunari.

Horra Nafarroako krisiaren lehen ondorioa: literatura liburuetan, zientzia-fikzioak beste bi izen irabazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.