gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Zientzia ez da hautazkoa

2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Errenta aitorpenean zientziaren alde eremu bat gehitzeko ekimen bat zabaldu da sarean (http://actuable. es/peticiones/casilla-apoyo-la-ciencia-la-declaracion-la-renta). Erlijioaren eta helburu sozialen orain arteko eremuari zientziaren aldekoa ere gehitzea eskatzen dute, baina zientzia hautazkoa al da, ba?

Errenta aitorpenean zientziaren eremua gehituta zientzia eta ikerkuntza hautazkoen mailara jaisten direla iruditzen zait. Gobernu batek diru publikoetatik diru gutxiago bideratzea justifika dezake horrek, batez ere krisi garaiotan. Egungo jendartearen oinarri garrantzitsuenetakoak ez omen du merezi estrategikoa da zigilua, azpiegitura erraldoiek eta segurtasunaren inguruko erabaki askok ez bezala.

Helburu sozialetako eremuak ere, arrazoi beragatik, hautazkoa ez lukeelako izan beharko, ez luke hor egon behar. Estatuak zerbait bermatu behar badu, aberastasunaren banaketa eta gizartearen muina direnak dira, osasuna, hezkuntza, zientzia.

Noski, eztabaida eremua gehitzera mugatzen badugu, nola egon neurriaren aurka? Baina, aukera guztiak utzi beharrean, aukeran, erlijioarena kenduko nuke, sinesmena eremu guztiz pertsonalekoa delako. Oraindik gehiago aukeratzeko ahalmena izango banu, zientzia eta helburu sozialetakoak zuzen bideratzeko neurriak ere proposatuko nituzke. Sakonago joaz, eremurik ez duten eta diru publikoaren diru asko eramaten dituzten gastu eta ikerketa militarrak, monarkiari bideratutako dirua eta beste hainbat gauza ere kentzea proposatuko nuke.

Alor askotan murrizketak egiten ari diren unean, zutabe honekin zerikusi handiena duen zientziari begiratuz, adibideak gertu ditugu, eta ez dira kasu bakanak. Ikerketan ari diren bekadun gazteek ez dituzte Eusko Jaurlaritzatik zegozkien diru sariak jaso. Bekak jasoko dituztela esan diete, baina etorkizuna zalantzakorra dute. Horregatik, hainbat ekimen jarri dituzte martxan sarean. Twitterreko kontu bat ireki dute (http://twitter.com/becariosGV), baita sinadurak jasotzeko proposamen bat martxan jarri ere (http://actuable.es/peticiones/pide-al-gobierno-vasco-pague-salarios-sus-becari-s).

Krisi garaietan batez ere, inbertsiorik hoberena hezkuntza eta ikerkuntza dira. Horietan huts egitea etorkizunean huts egitea da, eta hori bai ez dela hautazkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.