Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Zezenak dira

2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Zezenketak itzuli dira, beraz, Espainiako telebista publikora. Valladolideko zezen plaza. Hiru laurden luze, ia betea. Victoriano del Rioren zezenak. El Juli, gorrimin eta urrez. Atzeko estokada eta deskabelloa (belarria eta eskaera). Laugarrenean, ezpatakada berehalakoa (bi belarri). Manzanares, itsas urdin eta urrez. Estokada apur bat etzana (agurrak). Bosgarrenean, topaketan ziztada eta atzeko estokada laxoa. Abisua (belarria). Talavante, kanabera eta urrez. Estokada eroria eta pasatua (belarria). Seigarrenean, estokada perpendikularra eta deskabelloa. Abisua (belarria). Bizkar gainean atera zuten plazatik, El Julirekin batera.

Bai, den-dena irentsi nuen, korrida osoa, adarretatik buztaneraino. Badaezpada. Eta, ez, definitiboki, uste dut zezenketek ez didatela ezer asko esaten. Ez didate inolako plazer ez estetiko ez intelektualik ematen. Eta gero gertatzen da pixka bat gehiegizkoak direla, zezen gaixo batenganako halako odol bozkarioa, sastakada festa, debaldeko sufrikarioa; bada, zer nahi duzue esatea, soberan dagoela iruditzen zait. Zalantza handiagoa daukat animaliak parte hartzera derrigortzen ditugun bestelako gertakizun sozialekin. Bortizkeria nabarmenegia kenduta, animaliak geure libertimendurako erabiltzen ditugun saioekin. Entzierroak, luze gabe —sanferminetakoen ikusle fidel naizen aldetik—. Ez ote nahikoa txakurkeria zezen batzuk, beren borondatearen kontra, 849 metro lasterka egitera behartzea? Baina, kontxo, korrika apur bat egiteagatik ez zaie ezer pasatzen, gehienez ere gorpuzkera lirainduko zaie. Eta gu jarriko bagintuzte korrika, zer gertatuko litzateke, Santo Domingoko aldapa goraino ez iristeaz gainera? Alferrik; aferak argitu xamar dirudienean, lagun batek beti esaten duena: zein da zezen bat eta txingurri bat hiltzearen arteko diferentzia?

Zalantzak ahots goran ematen ari naiz, baina uste dut ez zaidala ondo iruditzen zezenketak telebistan pasatzea; are telebista publiko batean eta arratsaldeko seietan —emankizuna zazpi urtetik gorakoentzat dela jartzen zuen pantailan; zortzi, bederatzi, hamar urteko gaztetxoentzat?—. Zalantza gutxiago daukat zezenketak TVEra itzuli izanak, sei urteren buruan, daukan kutsu politikoaz.

Ez bakoitzak nahi duena ikusteko askatasuna, ez ezer. Nahiz bestelako kezkek hartu nauten gaurkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.