Nerea Osinalde.
EHUko biokimika saileko irakaslea

Zergatik da horia gure gernua?

2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Metabolismoaren hondakin nitrogenatuak (urea, kreatinina...) eta beste substantzia toxiko batzuk gernuaren bidez kanporatzen ditugu organismotik. Oro har, gernuaren %95 inguru ura da, eta gainerako %5 hondakinak. Baina aldakorra da osaera hori; besteak beste, elikagaiek, edariek, eta, bereziki, gure osasun egoerak nabarmen alda dezakete gernuaren konposizioa.

Antzinako Greziako eta Erromako medikuek, gernuaren kolorea, zaporea eta usaina aztertuz, giltzurrunetako gaixotasunak diagnostikatzen zituzten. Egun ere, gernu analisiak oso ohikoak izaten dira osasun azterketetan, haren itxurak, kontzentrazioak eta osaerak giltzurruneko gaitzak diagnostikatzeko ez ezik, gaixotasun hepatikoak, diabetesa eta anemia antzemateko ere balio baitute.

Edaten dugun ur kantitatearen arabera, gernuaren kolorearen intentsitatea nabarmen aldatzen da; argiagoa izaten da asko edaten dugunean; gutxiago edaten dugunean, aldiz, ilunagoa. Jaten dugunak ere eragin zuzena du gernuaren osaeran. Esaterako, zainzuriak jan ostean pixa egiten dugunean, txizaren usaina oso berezia izaten da, sufre kutsukoa. Zainzuriek duten asparragina aminoazidoaren eta sufrearen deskonposizio prozesuan eratzen diren metanotiol eta S-metil tioester molekula hegazkorrengatik gertatzen da hori. Erremolatxa eta masustak janez gero, berriz, horiek daukaten betalaina pigmentua dela eta, gernua larrosa bilakatzen da. Medikamentu jakin batzuk kontsumitu eta gero, gernuak oso kolore bereziak har ditzake; laranja edo urdin berdexka, esaterako. Gernuak izan dezakeen kolore sorta hori guztia bitxia iruditzen zaigu, baldintza normaletan gernua horia izaten delako. Baina, zergatik da horia?

Globulu gorrien edo eritrozitoen degradazioaren ondorioz du gernuak kolore horixka. Batez beste, eritrozitoek 120 egunez irauten dute bizirik gure gorputzean, eta ondoren, gibelean degradatzen dira. Degradazio prozesu horretan, bilirrubina deitzen den substantzia laranja ekoizten da, gibeletik hesteetara jariatzen dena. Hesteetan bilirrubina koloregabea den urobilinogenotan eraldatzen da, eta azkenik, urobilinogenoa espontaneoki degradatzen da, eta urobilina izeneko pigmentu hori bat ekoizten da. Hain zuzen ere, urobilina da gernuari kolore bereizgarria ematen dion molekula. ­­­­

Arestian aipatutako prozesua aspalditik ezaguna bada ere, AEBetako ikerlari talde batek deskribatu berri du bilirrubina nola bihurtzen den urobilinogeno. Beste behin ere, gure hesteetan bizi diren bakterioetan aurkitu dute erantzuna. Gurekin sinbiosian bizi diren izaki mikroskopikoek bilirrubina erreduktasa ekoizten dute, bilirrubina-urobilinogeno transformazioa bideratzen duen entzima, alegia. Adituen arabera, aurkikuntza horrek hesteetako mikrobiotak hainbat gaitzetan daukan zeregina hobeto ulertzen lagunduko digu. Esaterako, bilirrubinaren gehiegizko pilaketaren ondorioz garatzen den ikterizian.

Bakterioek gure mesedetan jarduten dutela agerikoa da, eta hemen deskribatutakoa beste adibide bat besterik ez da. Halere, oro har, ospe txarra dute. Izan ere, bakterio gutxi batzuek (%1 baino gutxiago) gaixotasunak eragiten dituzte. Eta bizitzako hainbat esparrutan gertatzen denaren antzera, bakterioen kasuan ere, gutxi batzuek gainontzekoen izen ona zikindu dezakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.