Jakin, badakigu bizikideekin hainbat gauza partekatzen ditugula; batzuk materialak eta beste batzuk ikusezinak. Agian ezezagunagoa gerta daiteke gure gorputzeko mikroorganismo multzoa, mikrobioma, ere partekatzen dugula jakitea.
Iragan asteazkenean, Nature aldizkarian, pertsonen mikrobiomaren inguruan informazio ugari biltzen duen ikerketa bat argitaratu zen. Ikerketa horretan, mundu osoko ia 10.000 pertsonen ahoko eta hesteetako mikroorganismo anduiak aztertu eta elkarren artean alderatu zituzten. Pertsona desberdinek zein mirkoorganismo partekatzen dituzten eta pertsona horien artean dagoen erlazioa jakinik, mikrobiomaren osaketan eta transmisioan zein faktorek eragiten duten ondorioztatu ahal izan dute.
Emaitzak aztertuta, jadanik ezaguna zen transmisio mekanismo bat baieztatu dute: amagandik jasotako mikrobiomaren transmisioa. Izan ere, jaioberri baten eta bere amaren hesteetako mikroorganismoen artean anduien erdiak partekatzen direla ikusi dute. Urteak pasatu ahala amaren eragina murriztuz doan arren, ez da desagertzera iristen; izan ere, 50-85 urte bitarteko pertsonengan ere topatu dituzte amarekin partekatzen diren anduiak. Dirudienez, handituz goazen heinean etxeko beste kideen eragina nabarmenduz doa eta 4 urteko ume baten hesteetako mikrobiomak, esaterako, amarekin partekatzen dituen anduiak adina partekatzen ditu aitarekin. Azkenik, helduen mikrobiomak alderatuz, ikusi da elkarrekin bizi diren pertsonek ahoko mikroorganismoen %30 eta hesteetakoen %10 partekatzen dituztela, familiakoak izan edo ez. Honekin guztiarekin ondorioztatu dute iraupen luzeko kontaktu estua (bizikidetza) dela gure mikrobioman eragiten duen faktore nagusia, hau da, bizikideen arteko transmisioa gertatzen dela. Transmisio hori, gainera, mundu osoko bizikideen artean frogatu dute (berdin Txinako hiri erraldoietan edo Argentinako herrixketan) eta, era berean, elkarrekin kontaktu fisikorik ez duten pertsonen artean (nahiz herrialde berean bizi) ez dute mikroorganismo partekatzerik topatu.
Horrekin guztiarekin, ondorioztatzen da amagandik jasotzen dugun mikrobioma moldagarria dela eta, are garrantzitsuagoa, mikrobioma bizikideen artean transmitigarria dela. Gorputzeko mikrooganismoek gure osasunean duten eragina ezagututa, transmisio horrek garrantzia du mikrobiomaren desorekarekin erlazionatzen diren hainbat gaixotasun ulertzeko. Adituek diotenez, infekziosoak ez diren gaixotasun batzuk transmitigarriak izan daitezkeela ulertu behar da modu egokian tratatu ahal izateko. Obesitatea, adibidez, mikrobioma desorekatu batekin erlazionatzen da. Pertsonen arteko transmisiorik aztertu ez den arren, saguekin egindako ikerketa batean ikusi zutenez, obesitatea zuten saguen mikrobioma bera argalak ziren saguetara transmititzean, azken hauek gantza metatzeko joera handiagoa garatu zuten. Horrela, mikrobiomaren transmisioak obesitatea garatzeko joeran eragin nabarmena izan dezakeela frogatuz. Gainera, obesitatearen aurka baliagarria den ariketa fisikoa egiteko motibazioa ere mikrobiomarekin erlazionatua dagoela ikusi dute duela hilabete argitaraturiko artikulu batean. Bertan diotenez, hesteetan ditugun mikroorganismoen arabera kirola egitean sortzen dugun dopamina kantitatea desberdina da, eta, ondorioz, kirolarekiko dugun atxikimendua ere desberdina da.
Familiakoak izan edo ez, bizikideen arteko transmisioak garrantzi handia du gure mikrobioman eta, beste gauza ikusezin askoren moduan, partekatzen dugun horrek eragin nabarmena du gure osasunean.
ARGI ALDIAN
Zer partekatzen duzu bizikideekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu