Egun, nekazaritzaren aniztasun biologikoa zaintzea da nekazaritza ekologikoaren erronka nagusietako bat. Jakin badakigu zein garrantzitsua den hemengo barietateak kontserbatzea: batetik, hemengoa izanik, hemengo klima baldintzetara doitutako barietateak dira, eta, beraz, ez dituzte hainbeste gaixotasun eta izurrite arrisku izaten. Eta bestetik, geure aurrekoek urtetik urtera egindako lanaren eta selekzioaren ondarea gordetzen da.
Nekazariek familiatik jaso dituzten haziak erein eta gorde izan dituzte urteetan, truke bidez edota inguruko azoka batean jasota. Oro har, erregistratu gabeko haziak dira hauek, eta ez dira katalogo komertzialetan azaltzen, baina inguruan balio handia daukate, inguruko egoerara fisikoki moldatuta daudelako, aurretik esan bezala. Urrunago joan gabe, baserrietan historian garatuz joan diren letxuga, piper, sagar, eta abarretaz ari gara. Azpimarratzekoa da, barietate horiek, gaur egun dauden barietate komertzialen aitzindariak direla.
Horien arteko nahasketetatik eta eraldaketa genetikoetatik datoz gaur egungo hazi industrial eta komertzialak. Ekoizpen oso handietan pentsaturik sortuak dira horiek, eta hainbat ongarri eta produktu kimikoekiko mendekotasuna dute.Horien interesa, hektareako ekoizpena ahalik eta handiena izatea da.
Tokiko barietateak erabiltzeak, berriz, aniztasunean du oinarria, eta aniztasunak aberastasuna dakar. Aberastasuna, itxura ezberdinei dagokienez; aberastasuna, zaporeei dagokienez; eta aberastasuna, ez dutelako hainbat produktu kimikoren beharrik beraien hazkuntzarako. Baina agronomia, ingurumen eta kultura alorrean onurak ekartzeaz gain, nekazaritza populazioari independentzia maila handia ematen diote, eta hori oso oso garrantzitsua dena da. Izan ere, enpresa handiek hazien gaineko kontrola izan nahi dute, eta horregatik moldatzen dituzte haziak, eta hibridoak sortzen, nekazaria urtetik urtera haziak erostera behartzeraino.
Garrantzitsua da, beraz, ekoizle bakoitza barietate horien kontserbazioan egiten ari den lana, baina garrantzitsua da, kontsumitzaileak ere barietate zahar eta aldi berean ezezagun horiekiko interesa adieraztea. Espero dezagun txoko berri honekin poliki-poliki hemengo gero eta barietate gehiago ezagutuz joatea, eta, beldurra kenduz, horiek landatzera eta horien kontserbazioan parte hartze aktiboa izatera animatzea.
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47
[email protected]
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65
[email protected]
Elikadura. Eko-tik
Zer dugu gurean? Aniztasun biologikoa zaintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu