Urteetan zehar medikuntzaren ikuspegi androzentrikoak emakumeon osasunari kalte egin diola jakin badakigu, gaixotasun askoren diagnosia eta tratamendua gizonen biologia eta gizonek pairatutako sintomak kontuan hartuz zehaztu izan baitira. Baina jakina da gaixotasun gehienak ez direla berdin garatzen eta adierazten gizon eta emakumeetan, eta, ondorioz, zenbait gaixotasunen diagnosi eta tratamendurako ezinbestekoa dela sexuaren araberako estrategiak definitzea.
Sexuen arteko ezberdintasun horiek hormonekin, sexu-kromosometan dauden geneekin edota ingurune-faktoreekin lotu izan dira, baina horren erantzule izan daitezkeen mekanismo molekularrak ez dira guztiz identifikatu. Bide horretan, Science aldizkarian argitaratu berri den lan bati esker, jakin dugu sexu biologikoak zenbait giza ehunetako geneen adierazpenean eragina duela. Ikerlan horretan, ikerlariak Genotype-Tissue Expression (GTEx) proiektuko datuez baliatu dira, 44 giza ehunetan sexu biologikoak transkriptoman (hau da, geneen adierazpen globalean) izan dezakeen efektua aztertzeko.
Ikerlanaren emaitzen arabera, giza geneen %37k sexu biologikoaren araberako adierazpena du gutxienez ehun batean, gene-adierazpen maila absolutuan diferentziak handiegiak ez badira ere. Adierazpenean ezberdintasunak erakusten dituzten geneek mota ezberdinetako funtzio biologikoetan parte hartzen dute; farmakoen metabolismoan, hormonek erregulatutako prozesuetan, erantzun immunean eta minbizian, besteak beste.
Ikerlarien arabera, lan honek erakusten du, sexu biologikoaren araberako adierazpena duten geneen bilduma osatzeaz gain, oso garrantzitsua dela biomedikuntzako proiektuetan sexu biologikoa aldagaitzat hartzea. Izan ere, sexu biologikoaren araberako analisiak eginda, gaixotasun eta ezaugarri konplexuekin lotutako aldagai genetikoak identifikatu dituzte, bi sexuak elkarrekin aztertuz antzeman ezin zirenak.
Emaitza hauek etorkizunean aplikazio ezberdinak izango dituztela uste dute ikerlariek: sexua aintzat hartuta gaixotasunak iragartzeko ereduen garapena, gaixotasunaren progresioa zehazten lagunduko duten sexuarekiko espezifikoak diren biomarkatzaileen identifikazioa, edota gizonei eta emakumeei modu desberdinean eragiten dieten botiken eragina ulertzeko erantzun-mekanismoen deskribapena, besteak beste.
Ikerketa honek argi uzten du sexu biologikoaren eragina aintzat hartzeak berebiziko garrantzia duela gizakietan izaten diren zenbait prozesu biologiko— gaixotasunak barne—, behar bezala karakterizatu eta ulertu ahal izateko. Lan honetan plazaratutako ondorioak ikerketa biomedikoetan aplikatzea premiazkoa da, beraz, etorkizun hurbilean medikuntza eta zientziaren ikuspuntu androzentrikoa bukatzeko, eta denon beharrei erantzungo dien osasungintza eraikitzeko bidean.
ARGI ALDIAN
Zelulen sexua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu