Elikadura. Eko-tik

Zein da ENEEKek duen lekua Bioterra azokan?

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Etorkizuneko nekazaritza ekologikoa dela argi daukagunok Bioterra eta halako topaguneak babestu eta sustatu behar ditugu, gerturatzen den bisitariak geroan elikagai ekologikoen preskriptorea izaten bukatzen baitu. Horretan gaude, baserritar eta kontsumitzaile ekologikoen indarrak batzen. Hau da, guretzat Bioterra nekazaritza ekologikoa ezagutarazteko tresna da. Kontsumitzaileekin eta beste gizarte eragilerekin hartu-emanak bideratu beharko lituzkeen tresna bat. Gure aliatuak izan daitezkeenak ahalik eta gertuen nahi ditugu, jende asko dago produktu ekologikoak lortu nahian, beste gizarte eredu baten alde... Indarrak batzea komeni zaigu, baserritarrok bakarrik ez ditugu-eta helburu guztiak lortuko. ENEEKek 2009, 2010 eta 2011ko azoketan parte hartu du. Kontseilua sortu zenetik, Bioterrako antolatzaile batzordeko kideak izan gara Biharko Lurraren Elkartea moduan.

2009. urtean, Nekazaritza ekologikoa geure eskura lelopean, kontainer erraldoietan, agrobioaniztasunezko baratze bat kokatu genuen erakustazokan, jendearen jakin-nahia pizteko asmoz. Baita lortu ere. 2010. urtean, berriz, lurretik mahaira salto eginez, Elikagai biziak, sukalde bizian zuzeneko sukaldean lelopean, jakiei eman genien garrantzia, eta, horretarako, Luis Irizar eskolako hiru sukaldarik euskal produktu ekologikoez eginiko dastatzeak prestatu zituzten, baserritarren deskribapenez lagunduak. Bisitariak oso gustura geratu ziren. 2011. urtean, lurreko protagonistei eman genien espazioa, ENEEKeko eragileei alegia, non U formako plaza izan genuen, iparraldeko Biharko Lurraren Elkarteko laborariak bertan parte hartuz, Euskadi-Akitania elkarkidetza irudikatu genuen. Zuzeneko sukaldaritza eta Eko Txosna martxan ipini genuen Goiabe Sukaldearen eskutik eta Bioterraren lankidetzarekin, nekazaritza ekologikoari dagokion normalizazio proiektuarekin jarraituz. Aurtengoan, 12 euskal ekoizle-elaboratzaile ekologikoek parte hartuko dute, Eko Vending ideiaren berri emango dugu ENEEKeko ekodendan, eta Euskadiko produktu ekologikoen katalogoa aurkeztuko dugu berrikuntza moduan. Aldi berean, Mattin artistaren Belardo Baratzea-ren tailerrak martxan jarriko dira, eta hiru hitzaldi emango ditugu.

Hitzaldien artean, Ehko: Bertako agroekologikoaren nortasun proiektuaren aurkezpena izango duzue. Ehko interreg proiektua martxan jarriko dugu, euskal herriko mugaz bi aldeetako nekazari ekologikoen ekoizpena identifikatuko duen bereizgarria landuko duena. Horri esker, kontsumitzaileak bertako agroekologikoa den eskaintza bereizi ahal izango du. Helburua Euskal Herriko bertako nekazaritza ekologikoa sustatzea da, duina eta artisaua; eta hori kontsumitzaileen eskura ipini. Ehko proiektuaren aurkezpena egingo dugu Bioterran, ENEEK eta BLEren eskutik. Bioterra osteko Ehko proiektuari ekingo diogu gogotsu.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.