Larruazala gure gorputzeko organorik handiena da. Kanpoaldearekin kontaktu zuzena duenez, organismoaren eta ingurumenaren artean hesi gisa jarduten du, besteak beste, mikroorganismo patogenoak gorputzera sar ez daitezen. Baina patogenoen aurkako borroka horretan larruazala ez dago bakarrik; izan ere, larruazaleko mikrobiota, milioika bakterio, onddo eta birusez osatutako komunitate ikusezina, bere laguntzaile sutsua da.
Azaleko mikrobiota, batez ere, epidermisean dago, azaleko kanpoko geruzan, alegia. Jaio bezain laster, larruazaleko mikrobiota garatzen hasten da; haurra baginatik jaiotzen bada, amaren baginako mikrobiotatik abiatuta; eta, aldiz, jaiotza zesarea bidez izaten bada, amaren eta haurraren arteko azal bidezko kontaktuak baldintzatuko du haren garapena. Hasierako kolonizazio-prozesu hori oso garrantzitsua da, eratuko den mikrobiotaren osaerak baldintzatuko baitu azalak izango duen babes-maila.
Larruazala babesten duten konposatuen artean nabarmentzekoa da zeramida deitzen den lipido mota bat, larruazalean iragazkortasun-hesia sortzen duena. Azaleko bakterio batzuk (Roseomonas mucosa sp.) gai dira zeramidak ekoizteko, eta beste batzuek (Staphylococcus epidermidis sp.) gorputzari laguntzen diote zeramidak sintetizatzen. Bada, aste gutxiko haur baten larruazalean dagoen zeramida kopurua ekzema edo dermatitis atopikoa garatuko duen iragartzeko faktore esanguratsua da. Zenbat eta zeramida gutxiago izan azalean, orduan eta probabilitate handiagoa izango du umeak ekzema edo dermatitis atopikoa garatzeko.
Ekzema industrializatutako herrialdeetan bizi diren haurren %20k pairatzen duten gaixotasun ez-kutsakorra da, larruazalaren lehortasuna eragiten duena; eta, maiz, kroniko bilakatzen da. Ekzemaren jatorria guztiz ezagutzen ez bada ere, gero eta agerikoagoa da faktore genetikoek ez ezik, ingurugiro-faktoreek ere eragin izugarria dutela gaitzaren agerpenean. Hori dela eta, ikertalde asko aritu izan dira gaitzaren intzidentzia altuko gune eta garaian ingurugiroko kutsatzaileen egoera aztertzen, bien arteko erlazioa deskubritu nahian. Horrela, berriki, AEBetako ikertalde batek bi kutsatzaile kimikorekin egin du topo: diisozianatoak eta xilenoa.
Bi kutsatzaileak AEBetan 1970. urtean hasi ziren ekoizten, hain justu ekzema kasuak erruz gora egiten hasi zirenean. Besteak beste, zigarroek, suteek eta autoek isurtzen dituzten kean aurkitzen dira; eta industrian ere asko erabiltzen dira, poliuretanoa eta margoak ekoizteko, adibidez. Diisozianatoek eta xilenoak ekzemaren agerpenarekin zuten erlazioa aztertzeko, bi konposatuok zeramidak ekoizten dituzten azaleko bakterioekin jarri zituzten kontaktuan. Orduan, bakterioek zeramidak ekoizteari utzi eta, toxinen aurkako defentsa-mekanismo gisa, lisina izeneko aminoazido bat sintetizatzen zutela ikusi zuten. Hau da, bi kutsatzaileek, bakterioen metabolismoa aldatuz, azaleko zeramiden kopurua murrizten dute, eta horrek eragin negatiboa du azaleko iragazkortasun-hesiaren sendotasunean.
Gero eta kutsatuago dagoen munduan, gaixotasunen agerpenarekin erlazionatutako kutsatzaileak zein diren detektatzea da lehen urratsa horiei aurre egiteko. Batetik, substantzia kimiko horiek ingurumenetik ezabatzeko sistemak garatu ahal izateko, eta, bestetik, gizakiok haiekin ahalik eta kontaktu gutxien izateko neurriak hartzeko.