Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Zahartzaroa atzeratzen

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Nahi eta nahi ez, egunetik egunera zahartzen goaz guztiok. Ez soilik kanpotik, baita barrutik ere, gure itxura zelulen baitan gertatzen diren prozesuen isla baita. Ikuspuntu molekularretik, zahartzarorantz bultzatzen gaituzten prozesu ezberdinak ezagutzen dira. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, kromosomen muturrak babesten dituzten estalkien laburtzea, DNAn gertatzen diren kalteak, mitokondrioen disfuntzioa eta proteinen homeostasiaren galera.

Prozesu horien guztien ondorioz, sortzetik modu ordenatuan zatitzen ari diren zelulak seneszentzia deritzon egoeran sartzen dira. Seneszentzian dauden zelulak zatitzeko estimuluekiko erresistente bilakatzen dira, eta zelula zikloan kateatuta, ez aurrera ez atzera geratzen dira. Halere, zelula seneszenteak metabolikoki aktiboak dira, eta bizirik diraute. Adinarekin gure organoetan pilatuz joaten dira, eta zahartze-prozesu naturala bultzatzeaz gain, adinarekin erlazionatutako gaitzen garapenean eragiten dute. Hori dela eta, 1960ko hamarkadan aurkitu zirenetik, zelula seneszenteen ikerketak interes berezia izan du.

Seneszentzia induzitzen duten drogak minbiziari aurre egiteko eraginkorrak direla ikusi da, zelulen zatiketa ahalmena oztopatzen baitute. Halere, kimioterapia jasotzen duten pazienteek maiz zelula seneszenteak pilatzen dituzte, DNAn gertatzen diren kalteak tarteko, eta horrek nekea bezalako albo kalteak eragiten ditu. Saguekin egindako ikerketek erakutsi dute in vivo zelula seneszenteak selektiboki ezabatuz gero, adinarekin erlazionatutako gaitzen garapena moteldu daitekeela, eta horrekin batera, animalien bizi kalitatea eta bizi itxaropena luzatu. Ildo beretik, ikertzaile txinatar talde batek berriki argitaratutako lan baten berri eman nahi dizuet.

Genomak editatzeko CRISPR-Cas9 teknologia erabiliz, zahartzapen goiztiarra pairatzen duten giza zelulak aztertu dituzte, seneszentzia bideratzen duten geneak ezagutzeko asmoz. Zeregin horretan parte hartzen duten 100 gene inguru identifikatu dituzte. Gainera, gene horietako batzuk ezabatuz edo inaktibatuz, zelulen zahartzea nabarmen moteltzen dela ere frogatu dute. Zahartzea bultzatzen duten gene gakoen artean, histona azetiltransferasa bat katalizatzen duen KAT7 genea dago. Histona azetiltransferasak zeluletan eragin handia duten proteinak dira. Izan ere, histonak azetilatuz, hau da, DNArekin elkarrekiten duten proteina txikiak eraldatuz, DNAren eskuragarritasuna emendatzen dute, eta, ondorioz, geneen transkripzioa aktibatzen da. Txinatarrek egindako esperimentuetan KAT7 genea zapuztu dute, bai droga espezifikoak erabiliz, bai CRISPR-Cas9 teknologia erabiliz. Kasu bietan emaitza bera izan da: zahartzapen goiztiarra pairatzen zuten giza zelulen zahartze-prozesua nabarmen moteltzen da.

Hasieran aipatu bezala, zahartzapena prozesu konplexu bezain naturala da. Baina, antza, molekula gakoak ukituz gero, moteldu daiteke. Hortaz, beste behin ere, naturari muzin egin eta zahartze prozesua atzeratu nahi badugu, molekula horien inguruan ikertzen jarraiatu beharko dugu, lehenago Jordi Hurtadok, Saber y Ganar telebista programako aurkezleak, bere sekretua gurekin partekatzen ez badu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.