Nerea Osinalde.
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Yo-yo efekturik ez, eskerrik asko!

2025eko urtarrilaren 11
05:00
Entzun

Obesitatea mundu mailako epidemia bilakatu da. Garatutako herrialdeetan ez ezik, garapen bidean daudenetan ere erruz egin du gora. Zehazki, 1990az geroztik, obesitate-tasa bikoiztu egin da helduen kasuan, eta haur eta nerabeen artean laukoiztu; egun, zortzi pertsonatik bat obesoa da.

Goranzko joera beldurgarri horrek alarma guztiak piztu ditu, eta obesitateari aurre egitea osasun publikoaren erronka nagusi bihurtu da. Izan ere, obesitateak gaixotasun ez-kutsakor larriak eragin ditzake, hala nola kardiopatiak, 2 motako diabetesa eta minbizia jakin batzuk; baita heriotza ere. Baina obesitatea oso gaitz konplexua da, haren hedapenean faktore asko daudelako inplikatuta, eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da obesitateari aurre egiteko terapiak garatzeko. 

Merkatuan dauden tratamendu farmakologiko askok apetitua erregulatzen duten mekanismoetan eragiten dute. GLP-1 eta GPI jan ondoren hesteetan askatzen diren hormonak dira. GLP-1ek hustuketa gastrikoa atzeratzen duenez, asetasun-sentsazioa areagotzea eragiten du. Gainera, bi hormonek, intsulina jariaketa sustatuz, odoleko glukosa-mailak apaltzen laguntzen dute. Maiz, GLP-1 eta GLP-1/GPI hormona sintetikoak diabetesa eta obesitatea tratatzeko erabiltzen dira. 

Leptina jateko gogoa inhibitzen duen beste hormona bat da. Ehun adipotsuan biltegiratutako gantz-kontzentrazioak gora egiten duenean, adipozitoek, leptina odolera jariatuz, hipotalamoari jakinarazten diote gorputzak erreserba nahikoa duela. Obesitatea pairatzen duten batzuek, akats genetiko ezberdinak tarteko, ez dute leptinarik ekoizten. Ondorioz, gose-sentsazioa etengabea da. Horrelakoetan, leptina hormona sintetikoa administratzeak, hiperfagia saihesteaz gain, pisu galera eragiten du. 

Duela hilabete eskas aurkitu dute hipotalamoko neuronen artean zein diren leptina atzematen dutenak. Saguekin frogatu dute CRISPR-Cas9 teknologia erabiliz leptina hartzaileak ezabatuz gero saguak loditu egiten direla, gehiago jaten dutelako. Adituen arabera, neurona horiek itu terapeutiko itxaropentsuak dira, bereziki GLP-1 hormonen terapiak toleratu ezin ditzaketentzat.

Tratamendu guztiek erronka komuna dute: pisu galera eragin eta denboran eustea. Baina oso ohikoa da yo-yo efektua: pisua galdu ostean berriro hartzea. Berriki aurkitu dute gizentzean adipozitoen kopurua ez dela handitzen, baina bai horien tamaina. Adipozitoek tamaina handitzeko joera dute oroimena dutelako. Gizakiotan gutxienez bi urtez irauten duen oroimena eraldaketa kimiko berezi batzuei esker eraikitzen da. Horiek adipozitoen DNAn eta horien hedapenean parte hartzen duten proteinetan atzeman dira, eta zelula handitzea ahalbidetzen duten gene sorta erregulatzen dute. 

Ez da makala urte berrirako ikertzaileek duten erronka: adipozitoen memoria ezabatzeko terapiak aurkitzea, yo-yo efektua saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.