Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Xumean, elegantzia

2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Agurra, motzean. Ekainaren 19an aditu zen, azken aldiz, Euskal Herrian 32 urtez esatari mitikoa izan denaren ahotsa. Osasun krisiak ibilbide profesionala nahi bezala erremata zezan eragotzi dio, alajaina; goiz-eguerdietako albistegiak gidatu ezinik, etxetik kronika laburrekin konformatu behar! Azkenekoan jakinarazi zien bazihoala Aritz Pascual lankideari eta entzuleei. «Gehiago esan beharrik ez dago. Hizketan ari zaizuen honen agurra, eta esker ona guztiei, horrela, motzean eta hotzean; agurra, badakizue, behar den moduan, laburra. Mila esker, eta segi zuek lanean!».

Zilborrari begira zaleentzat. Segi beza irratiaren kateak, inor ez baita ordezkaezin. Mezu horri igorriz kontsumatu zuen betirako agurra. Epitafio polita Mikel Bujandak utzi duena. Egoa puzteko moduko alarde piroteknikorik inguruan pizten utzi gabe joan da, esanez bezala gizarteari komunikazioaren zerbitzua eskaintzea bokazio duen kazetaritzak —irratian, batik bat— sobran dauzkala pertsonalismoak, sobran uste izatea bat egundokoa dela milaka entzule pilatzeagatik, eta irabazita dauzkala autobonbozko saio bereziak hamar urte betetze hutsagatik.

Azken mohikanoa. Euskalerria Irratiaren motorra, arima, irudia, ahotsa... izan denak euskal irratigintza modernoaren aro bat markatu du; badoan, edo joana den irrati egikera. Mariano Ferreren eskolaren arrastotik, goizetik makina bat albisteren bonbardaketarekin entzulea aztoratzea baino nahiago izan duena bospasei albisterekin hausnarbidetik jo, soseguz. Bere buruaz mintzatzea gogoko ez izan arren, Sustrai Colinak Euskalerria Irratiaren 30. urteurrena zela-eta 2018an egin zion elkarrizketa, primeran datorkigu oroitarazteko Iruñerrian esataria nor izan den (sarean erraz topa daiteke, merezi du).

Iraganeko motxila. Iraganeko indarkeriak justifika omen zezakeen hemengo kazetariek Madrilgo euren hedabideetara bidaltzen zituzten informazio maiz distortsionatuak. Egun, zein ote zintzoagoak izatea galarazten dien arrazoia? Atzo, esaterako, SER katean asteburuero gehien entzuna den albistegian (Hora 14), Naike Bernalek kronika sektarioa osatu zuen estatuko entzuleentzat. Hots, Podemos, PSOE eta PPko zenbait politikarik EAEn egindako lur hartzeek eta horien adierazpenek hartu zuten protagonismoa; azken hiru esaldiak bi euskal alderdiak eta Vox aipatzeko utzi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.