ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Voyager ontziak, mugaz gaindi

2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Aste honetan eman ditu argitara NASAk Voyager 2 ontziak heliosferatik izarrarteko espaziora igarotzean bildutako datuak. Ontziak justu duela urtebete zeharkatu zuen muga hori, jaurti zutenetik 42 urtera eta 18.000 milioi kilometro egin ondoren (119 aldiz Lurra Eguzkitik banatzen duen distantzia).

Voyager 1 ahizpak duela zazpi urte zeharkatu zuen muga. Berez, Voyager 2 baino pare bat aste geroago bidali zuten, baina ibilbide desberdinak egin dituzte: Voyager 1-a Jupiterren eta Saturnoren ingurutik igaro zen, eta Voyager 2-ak, bi planeta horiez gain, Urano eta Neptuno ere bisitatu zituen. Hain zuzen, azken bi planeta horien inguruan izan den zunda bakarra da.

Ez dago gizakiak sortu eta hain urrutira iritsi den tresnarik. Bidean, hurbil izan dituzten planeten irudiak bidali dituzte. Haiei esker ikusi ziren lehen aldiz Saturnoren eraztunak eta Jupiterren ekaitzak gertutik, baina, ziur aski, ez dira horiek irudi esanguratsuenak, baizik eta gure planetari berari ateratako argazki bat. Izena eta guzti dauka: puntu urdin margul bat (ingelesez, pale blue dot).

Argazki horretan, Lurra horixe da, puntu ñimiño eta ahul bat, espazio ilun eta infinituan galduta. 1990ean atera zuen Voyager 1-ak, 6.000 milioi kilometroko distantziatik, eta, bere txikitasunean, sekulako indarra du: Carl Sagan zientzia-dibulgatzaile ospetsuak liburu bat idatzi zuen hartan inspiratuta. Haren esanean, gure benetako neurria adierazten du, gure apaltasuna erakusten.

Saganen eta Voyager ontzien arteko lotura, dena den, lehendik zetorren. Izan ere, bi ontzietan urrezko disko bana sartzea bururatu zitzaien, Lurrari eta gure espeziari buruzko informazioarekin: argazkiak, agurrak 56 hizkuntzatan, soinu natural eta artifizialak, kultura askotako abestiak... Saganek aukeratu zuen eduki hori guztia, estralurtarren batek diskoetako bat aurkitu eta entzun ahal izanez gero, gu eta gure planetaren berri izan zezan.

Itxura guztien arabera, diskoek ez diote inolako informaziorik eman inori; aldiz, ontziek informazio ugari eman diete astrofisikariei eta astronomoei. Berriena, nolakoa den heliosferaren —hau da, Eguzkiaren eremu magnetikoak eratzen duen babes-burbuilaren— eta izarrarteko espazioaren arteko trantsizioa.

Voyager 1-ak, akats batzuk tarteko, oso datu gutxi bidali zituen, baina Voyager 2-aren sistemek ondo funtzionatu dute, eta horri esker jakin dute, besteak beste, heliosferan plasma beroagoa eta dentsitate txikiagokoa dagoela izarrarteko espazioan baino.

Bi ontziak heliosferatik kanpo dauden arren, oraindik oso urruti daude eguzki-sistemaren azken mugatik, hau da, Eguzkiaren grabitazio-eremuak zedarritzen duen ingurunetik. Eta hara iritsi baino askoz ere lehenago agortuko zaie erregai nuklearra eta hondatuko dira tresnak. Hala ere, gutxienez 25 urte igaroko dira beste ontzi bat haiek iritsi diren lekura heltzerako. Bada zerbait, 1977an abiatu zirela kontuan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.