Eguneroko prentsa idatziak hori du, notiziaren atzetik behar duela abiada bizian jakinik notizia beti bera baino lehenago iritsiko dela hartzailearen begi-belarrietara. Imajinatu, beraz, biharamunaren biharamunean argitaratzen den zutabe honekin zer. Gaur, asteazkena, denek ez bada gehienek ezagutuko duzue berria, jakingo dituzue xehetasunak, behin baino gehiagotan ikusiko zenituzten irudiak: Radio Televisio Valencianako hainbat langilek telebista platoak hartu dituzte taldeak egun dituen ia 1.700 langileetatik ia 1.300 kalean utz ditzakeen enplegu erregulazio espedientearen kontra egiteko. Horraino kontu jakinak, Interneten gertatu eta berehala aurki zitezkeenak, telebista guztiek azkar samar eman zituztenak, eta eguneroko prentsa idatziak biharamunera arte, alegia, atzora arte eskaini ezin izan zituenak.
Hortik aurrera, ordea, jokatzen da interesgarriena. Han-hemenka irakurri, ikusi, entzun ahal izan ditugun iritziekin norberak bere iritzia osatu ahal izatea. Eta aipa daitekeen lehen kontua da nola iritsi den RTVV gisako etxe bat 1.700 langile izatera —EITB milara iristen ez den bitartean—, nola eraman duten porrot ekonomikora, 1.200 milioi euroko zorra pilatzera, langileen %76 inguru kaleratu behar izatera. Eta galdera izan daiteke, mingarria eta zikoitza izan arren, ez ote den beharrezkoa RTVV neurri zentzudunetaragoa ekartzea; batetik, ekonomikoki bideragarria den zalantzan jartzen duelako orain arteko praktikak, baina, bestetik, taldearen jardunak ez duelako zenbaki horiek izateko merezimendu handirik egin. Batzuek esan dute garbi: kontentziorako irrati-telebista da RTVV. Analisi politikoagoa eginez, horixe dio Vilaweb agerkariko zuzendari Vicent Partalek: Canal9 ez zela jaio TVEri edo Espainia aldeko kate pribatuei aurre egiteko, TV3ri itzal egiteko baizik. Eta orain dagoeneko, TV3ren seinalea ematen zuten hedagailuak itxita, lan hori egin beharrik ez dagoela, eta izatearen funtsa galdu duela RTVVk.
Gaur da biltzekoa RTVVko administrazio kontseilua espedientea onartzeko. Eta onartzen bada, bihar bertan jarriko dute martxan. Enpresak eta sindikatuek hurrengo hilabetean negoziatu beharko dituzte kaleratze eta abarrak. Eta ondo legoke, badaezpada, guk ere hartzea Valentzia eredu gisa; egin behar ez denaren eredu gisa, besterik ez bada.
Komunikazioa. Ekografiak
Valentzia eredu gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu