Gorka Azkune.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Uztailean ere lan

2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan gertatu izan zait lagun ala ezagun batekin hizketan hasi eta, lan- kontuak hizpide hartzearekin batera, konturatzea jende askok ez dakiela ongi zer egiten dugun unibertsitateko irakasleok. Ziurrenik ogibide gehienetan pasatuko da antzeko zerbait. Ez dut uste gurea kasu berezia denik zentzu horretan, baina beti suertatu izan zait nahiko xelebrea. Batez ere udan bi hilabeteko oporrak ditugula esaten didaten bakoitzean. Irribarre batekin ezetz erantzuten dudan bezain pronto, galdera bera egiten didate: «Baina ikasleak oporretan badaude, zer egiten duzue, bada?».

Has gaitezen hasieratik. Mundu guztiak irakasle gisa ezagutzen gaitu, baina unibertsitate barruan, Irakaskuntza eta Ikerkuntzako Pertsonala gara (IIP). Noski, jendeari ezin esan irakasle-ikertzaile zarenik, oso luzea baita. Tradizioz ere, irakasle hitza erabili izan da betidanik; beraz, ikertzaile abizena ez da batere ezaguna gizartean. Edozein kasutan, gu, berez, irakasleak eta ikertzaileak gara. Ondorioz, ikerkuntza lanak ere egiten ditugu. Irakasle batzuk erosoago sentitzen gara ikerkuntzan, eta beste batzuk, irakaskuntzan. Unibertsitateak baditu hainbat tresna bi zereginak orekatzeko. Xehetasunetan sartu gabe, esan daiteke ikerkuntzan lan gehien egiten dutenak eta emaitzak lortzen dituztenak irakaskuntza lan gutxiago egin behar izaten dutela.

Irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren arteko oreka beti izan da eztabaidagai. Batzuek defendatzen dute irakasle ona izateko ezinbestekoa dela ikerkuntzan aritzea, horrela bakarrik lortzen baita gai baten azken aurrerapenak ezagutzea eta ulertzea. Beste batzuek diote irakasle ona izateko irakaskuntzari denbora asko eskaini behar zaiola, eta hori ez dela ikerkuntzarekin bateragarria. Zaila da oreka hori aurkitzea. Nire ustez, gainera, pertsona bakoitzaren araberakoa da. Baina eztabaida horrek oso luze jo diezaguke.

Baditugu, beraz, bi zeregin ezberdin. Hirugarrena falta zaigu, ordea. Ikerkuntza eta irakaskuntza ez ezik, kudeaketa lanak egitea ere tokatzen zaigu irakasleoi. Enpresa batean kudeaketa postu espezifikoak izaten dira (zuzendariak, gerenteak eta abar) eta langile konkretu batzuk horretan espezializatzen dira. Nahiko arrunta da zuzendari bat izendatzea eta erretiroa hartu arte hor egotea. Unibertsitatean ez du horrela funtzionatzen, ordea. Kudeaketa postuak ez dira iraunkorrak izaten eta, gainera, edozein irakaslek bete ditzake. Adibidez, fakultate bateko dekanoak lau urteko agintaldia izan ohi du, eta bukatutakoan, berriro ere irakasle arrunt bat bilakatzen da. Unibertsitateko errektorea eta bere errektoreorde taldea ere irakasleak izaten dira.

Laburbilduz, irakasleok hiru egiteko nagusi izaten ditugu: irakaskuntza, ikerkuntza eta kudeaketa. Eskolak ematea, hots, ikasleen aurrean hizketan pasatzen ditugun orduak, gure lanaren zati bat besterik ez dira. Horrez gain, ikerkuntzan aritzen gara, doktore tesiak zuzenduz, ideia berriak garatuz, artikulu zientifikoak idatziz eta proiektuak martxan jarriz. Kudeaketa lanak ere beti agertzen zaizkigu handik edo hemendik.

Bestela esanda, unibertsitateko irakasleok uztailean ere lan egiten dugula :)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.