Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Urtemugak

2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Bakoitzari egoki zaion urtemuga laket! Politikariek hori badakite. Izan zen 1492koa: batzuentzat kultur espainiarraren hedapenaren hasiera nagusia, bestentzat bidegabekeria izugarria, kolonizatzearen historian krimen nagusi batena. Klovis, edo Klodovig(gure Koldobika!) frankoen erregearen 1500. urtemuga baliatu nahi izan zen «betiereko Frantziaren hastapena» erakusteko. «Betiereko Espainian» sinistu nahi dutenak ere obretan ditugu, eta aspaldidanik. Yolanda Barcina iruindarrak badu aukera: bi urtemuga, Navas de Tolosako Guduaren eta Nafarroako konkistarena. Bata 1212koa, duela 800 urte; bestea 1512koa, urtemuga borobila, 500 urte.

Gerratik bakea sortzea mundu honetako handi-mandien nahikeria nagusia da beren politika helburu aitortuetan, eta zorigaitzez badakigula orain gerratik inoiz ez dela bake zuzenik ateratzen. Horrela, Barcina andereak Gallarin jaunari, Jaengo La Carolinako alkateari jendetasun handizko bisita egin dio, hor omen baitira Las Navas. «Espainia eta Europa libertate lur» eraikitzen hasi zirela orduan zioen Gallarinek. Barcinak «Historia eta Cultura elkarbizitzarako tresna izan behar direla eta ez enfrentamentuetarakoak», azpimarratu zuen.

Antso Azkarrak, Orreagan ehortzi zuten erregeak bere soldaduekin parte hartu zuen guduka horretan, kristauak irabazaraziz eta emirraren kateak apurtuz, horiek nafar ikur bilakatuz arrano beltzaren ordez. Elkartasun hori goretsi eta, pentsatzen ahal da Barcinak datorren uztailean Albako dukearen armadaren sarrera Nafarroan ospatuko duela: ezpataren eraginez, nafarrek ulertu baitzuten libertatearen definizio berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.