Lide Hernando.

Urte itzela

2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Iritsi da urtearen amaiera, penak ahaztu eta erronka berriei ekiteko garaia; eta, azken egunetan ohikoa izaten den bezala, urtean pantaila txikian ikusitakoaren errepasoa egingo dut nik ere. 2024ak asko eman du, eta gauza dexente ditut aipatzeko; beraz, luzatu gabe hasiko naiz.

Munduan telesail berri askoren estreinaldi urtea izan da hau, eta haietatik dexente oso onak, gainera. Shogun ekoizpen japoniar-estatubatuarrak XVII. mendeko Japonian barrena eraman gaitu; Ripley-k eta Presumed Innocent-ek thrillerraren bi aurpegi zirraragarri erakutsi dizkigute; eta Baby Reindeer-en eta Lost boys and Fairies-en kontakizun gordinek bihotza uzkurtu digute.

Geografikoki gertuago kokatutako zenbait estreinaldi bikain ere izan ditugu aurten: urtearen hasieran iritsi ziren Moriartitarren Balenciaga eta M-11n oinarritutako Nos vemos en otra vida, biak itzelak eta hain ezberdinak; El Caso Asunta-k azken urteotako true crime krudelenetariko bat eraman du pantailara, Candela Peñak itzel antzeztuta; udaran, Cómo cazar a un monstruo telesail dokumentalak oilo ipurdia jarri digu; Yo, Adicto-k drogen menpekoenekin enpatia izan dezagun lortu du; Celeste-k ogasunaren lana kitzikagarri bihurtu du, eta urte amaierako Querer eta Los años nuevos telesailek bikaintasunera eraman dute fikzioa.

Telesail zaharragoen denboraldi berri gogoangarrien urtea ere izan da aurtengoa. Nik bi aipatuko nituzke, bien lehen denboraldiak nire gogokoenen zerrendan daudelako eta, hainbat denboraldi ahulen ostean, euren inguruko itxaropena berpiztu didatelako: bata, Fargo-ren bosgarrena, eta bestea, True Detective-ren laugarrena. Biak nahiko onak, nahiz lehenak irabazi egin dion Jodie Fosterrenari.

Hala ere, izan dira jendeak goraipatu arren niri askorik gustatu ez zaizkidan beste telesail batzuk. The 3 body problem zientzia fikzioak hotz utzi nau; Such brave girls-en arrakastak haserretu egin nau; eta The Bear telesail entzutetsuaren hirugarren denboraldiaz askoz gehiago espero nuen.

Azken hitzak, aurten zeresana eman baina ikusi ez ditudan lanentzat: Irlandako Say Nothing, Frantziako D'argent et de sang, Nathan Fielderren eta Emma Stoneren The Curse eta Cien años de soledad. Garcia Marquezen errealismo magikoa pantailara? Emazkidazu horrelako hamar!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.