Ezarian. BERRIAk 10 urte. Iritzia

Urte askotarako

2013ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hamar urte zaharrago naizela gogorarazi dit kolpetik Nagoreren deiak. BERRIAren hamargarren urteurrena dela eta, testu bat idaztea proposatu dit, eta ezin izan diot ezetzik eman. Itsumustuan harrapatu nau, eta bat-batean atzera begira jartzeak barrua ere nahastu dit une batez. Hamar urte; badira batzuk!

Nekez ahaztuko dut gaur proiektu sendo eta ezinbestekoa dugun hau abiatzeko lantalde handi hark egin zuen lana. Zenbat lan, zenbat neke, eta zenbat ilusio. Euskaldunon Egunkaria-tik gentozen gehienok, eta itxieraren injustizia hark hauspotuta jardun genuen gau eta egun beharrean —hauspotuta, bai—. Eta ez ginen bakarrik aritu. Herri oso bat izan genuen aldamenean. Gure antzera, Euskal Herriak euskarazko egunkari nazional bat behar zuela sentitzen zuten milaka lagunen bultzada izan genuen. Nik neuk sekula ez besteko babesa eta batasuna sentitu nuen inguruan sasoi hartan. Garai hartantxe, Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkaria indarrez itxi, eta BERRIA sortu bitarte hartan ezagutu nuen Elgoibarko Izarra kultur elkartea ere. Imanol Larrañaga elkarteko dinamizatzaileak eta Irati Agirreazaldegi bazkideak lotu ninduten elkartera. Egunkaria-ren aldeko lanean ezagutu nituen, eta, egunetan, haiek eta Debabarreneko gainerako euskara elkarteetako lagunak izan ziren nire familia.

Bost bat urte badira BERRIAko lantaldea laga nuenetik, naziotik herrira jauzi egin nuenetik. Gaur, Elgoibarko Izarraren Barren aldizkarian dihardut, BERRIA sortzeko bere onena eman zuen elkartean, eta hemen ere, ospakizun urtea dugu 2013a. 50 urte bete ditu Elgoibarko Izarrak; 50 urte, Elgoibar euskaldun(ago) egiteko ahaleginean. Bada zerbait! Erronka handia dugu, baina Andoainen ikasi nuen ez dagoela lantalde on batek mugitu ezineko harririk. Han ikasi nuen badagoela gutxirekin asko egiterik. Irailerako laga nuen gairik ere bada, baina, tartean. Azalaren ardura eman zidatenean, lankideetako batek, Bult-ek, ahaleginak eta bi egin zituen letra gutxitan asko esaten ikas nezan, baina bistan da sekula ez naizela maisua beste izatera iritsiko. 2.300 karakteretan errenditzeko agindu dit Nagorek, eta oraindik dena daukat esateko. 2.200era ekarri beharra daukat, gainera, euskara taldekoei maniobrarako tartea lagatzeko. Aizu, Nagore, Tartea-n zeundela orduz kanpo eskatu zenituen argazki guztiengatik bada ere, hau behintzat sartu falta barik: segi beste urte askoan ondoen dakizuen hori egiten!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.