Kalakakilika dela aurtengo kanta, garai hauetan euskal munduan entzuten dena eta Senpereko 31. Herri Urratsen leloa dela, horra berdin ezinbestezko gaia asteburu honetan. Batzuek esango dute sartzen garela euskal oihu primitiboetan, gure neandertaltasuna isiltzera gomendatzen gaituzten cro-magnontar sapiens horien aurrean? Besteek Mikel Laboaren garrasi oinarrizko horietarik bat botatzen dugula, gure mundura sortzea ospatzeko? Hara pentsalarientzat gaia gaurko. Haurrentzako festa dela Senperekoa, alabaina, eta gure prefetari hordago bat dela aipatuko da, asko, aintziraren inguruko hainbat ostatu izkinetan. Miarritzeko euskal lizeoaren eraikuntzaren lehendabiziko harria ere hortik jalgiko dela. Paso, badakigu zenbat litro edan behar izan ziren —eta diren— euskal kulturaren diruztatzeko.
Datozen astearte eta asteazken arratsetan, Baionako euskal museoan urrats berezi berri batzuetara gonbidatuak gara Maiatz elkartearen Solasaldietan. Alde batetik, memoria historikoa jorratuko da: ez neandertaltarrena, baina hurbilagoa, biolentzia politikoaren garaietakoa, XX. mende bukaerako hori. Gure herria zauritu duen bortizkeria errepresio zirkulu ilun hori aipatzea posible dela eta premiazkoa dela elkar ulertzeko eta herrigintza batentzat. Bestalde «libertitzea», Antton Lukuren hitzetan ez da urrats bakartia baina gure izate, nortasun, identitatea barrutik hunkitzen duena. Mundu sailkatuan, osotasun bat erakusten digu gure nortasunarentzat. Hordago, beraz, eta, beti bezala, parioa libro!
Maratila
Urratsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu