Azaleratutako lurrazalaren %5,5 baino ez dira irlak, baina benetako biodibertsitate-altxorrak dira. Uharteek planetako biodibertsitate-puntu beroen herena inguru hartzen dute, eta lurreko espezieen %15 baino gehiago. Ez hori bakarrik, uharteek eremu kontinentalek baino hamar aldiz espezie endemiko gehiago dituzte; hau da, beste inon modu naturalean aurkitzen ez diren espezieak daude irletan. Zaindu eta babestu beharreko altxorra da, beraz.
Aberastasun biologiko horrek lehentasunezko eremu bihurtzen ditu uharteak kontserbaziorako, baina aldaketa klimatikoak zaurgarri ere egiten ditu. Dokumentatutako espezieen desagerpenen %80 uharteetan gertatu dira, gutxi gorabehera, eta arrisku larrian dauden espezieen %40 uharteetan. Gainera, biodibertsitatearen zati handi bat, espezieak eta haien arteko elkarreraginak barne, oraindik aztertu eta aurkitu gabe dago.
Eta zergatik aztertu behar dira uharteak? Palmondo eta hondartza xarmagarrien postalak ahaztu behar dira, ekologook harago ikusi behar dugu eta. Ekologook planeta osoan zehar banatutako laborategi naturaltzat hartzen ditugu uharteak, azterketa ekologikoetarako aproposak baitira.
Ondo definitutako muga geografikoak dituzte irlek, eta kontinenteekin alderatuta aniztasun txikiagoa izateak elkarrekintza ekologiko paregabeak behatzea ahalbidetzen du. Espezie batek —orkestra zuzendari bat balitz bezala— landare beraren haziak polinizatu eta sakabanatu behar ditu, eta bi funtzio betetzen dituen mutualismo bikoitz horiek oso ohikoak dira irletan. Hala ere, espezie horiek duten mendekotasun horrek arrisku handiagoa dakar espezieren bat arriskuan badago.
Europako proiektua
Testuinguru horretan, ECORISCek (Uharte-sistemek Klima-aldaketaren Aurrean duten Erresilientzia Ekologikoa Ulertzen), Isa Donoso ikertzailea buru izan duen Europako azken proiektuak, inbasio biologikoek eta klima aldaketak uharteetako interakzio ekologikoei nola eragiten dieten ulertzea du helburu. Helburua uharteko espezieen inguruan ezagutza sortzea da, biodibertsitate globalean funtsezko zeregina duten ekosistema ahul horiek babesteko, batez ere. Ezagutza hori funtsezkoa da ekosistema hauskor horiek babesteko, eta lagungarri izan daiteke laborategi natural horiek kontserbatzeko eta lehengoratzeko ekimenetan.