Iraia Garcia
EHUko Genetika Saileko ikertzailea eta irakaslea

Ugalketaren hesiak gainditzen

2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Saguak begiak ireki zituen laborategi txinatar bateko plastikozko kutxan. Zaintzaileek harriduraz begiratzen zioten: bere ernalketan obulu eta espermatozoide bana erabili beharrean, bi espermatozoide erabili zituzten. Eta bizirik zegoen.

Baina zergatik ezin ditugu bi aitadun (edo bi amadun) seme-alaba biologikoak eduki? Solter eta Suranik erantzuna aurkitu zuten 1980ko hamarkadan. Bi obulutatik eratorritako bi genoma amatiar, edo bi espermatozoidetatik eratorritako bi genoma aitatiar konbinatzean lortzen zituzten enbrioiak ez ziren bideragarriak. Horrek esan nahi zuen ezinbestekoak direla bai aitaren bai amaren DNA-k.

Fenomeno horren atzean inprenta genetikoa dago. Gene gutxi batzuen adierazpena gurasoaren jatorriaren arabera determinatuta dago, gene hauek jasaten dituzten marka kimiko batzuen ondorioz. Garapenerako funtsezko gene batzuk soilik amaren material genetikoan egongo dira aktibo, eta beste batzuk, soilik aitarenean. Oreka hori ez badago, enbrioia ez da behar bezala garatzen. Ikerketak paradigma hori gainditu du.

Pasa den hilabetean Z.K. Li, W. Li eta Q. Zhou ikertzaileek argitaratutako artikulu baten arabera, bi aitadun saguak sortu egin dituzte. Horretarako, sagu ar baten espermatozoide batetatik eratorritako zelula amak CRISPR/Cas9 teknologiaren bidez editatu dituzte 20 inpronta gene eraldatzeko. Zelula eraldatu hauen material genetikoa, nukleorik (material genetikorik) gabeko obulu batean sartu, eta ugalketa zentroetan egiten duten in vitro teknika erabiliz beste ar baten espermatozoide batekin konbinatu dute. Eta helduarora arte biziraun duten saguak lortu dituzte. Protokolo honekin sortutako saguen erdiek baino gehiagok ez dute biziraun.

Alabaina, hau ez da lehen esperimentu arrakastatsua. 2004. urtean jada, T. Konoren talde japoniarrak Kaguya deitutako sagu bat sortu zuen bi amatatik abiatuta: helduarora arte biziraun zuen ugaztun kume bakarra izan zen. Aurrerago, 2018an, ikertzaile txinatar talde batek, CRISPR/Cas9 edizio teknika aurreratuagoa erabiliz, arrakasta tasa hobetzea lortu zuten: 210 enbrioietatik 29 sagu jaio ziren, eta horietako asko helduarora iritsi eta ugalkorrak izan ziren. 

Aurrerapen zientifiko horiek hainbat eremutan aplikatu daitezke. Galtzeko arriskuan dauden espezieetan, adibidez, ugalketa ahalbidetu lezakete. Giza ugalketaren munduan ere iraultza ekarriko luke, sexu bereko (bi gizon edo bi emakume) bikoteek seme-alaba biologikoak izateko aukera irekiko bailuke. Ugaztunen ugalketa aldatzeko aukera liluragarria bada ere, arrakasta tasa baxuek, saguetan ikusitako manipulazio genetikoaren inplikazio etikoek gizakiengan aplikatzea pentsaezina egiten dute oraingoz. Ikus dezakegunez, zientziak ugalketaren arauak hautsi ditu. Orain galdera zera da: prest al gaude etorkizunak dakarrena kudeatzeko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.