Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Udazken

2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Udazkena datorrenean, nolako gozoa etortzen zaigun gogora... eguzki apalduaren eztia, haize hegoaren firfirak hostoak galtzen hasten diren zumardi edo hariztietan, piko ondu azukrez beteak eta laster oihan eta mendi bazterretan biltzen ahalko ditugun beren garbotsetarik jalgi gaztainak, ahaztu gabe hosto bustien hezetasun usain ezin erranezkoak sendiarazi onddo mota guzietakoak...

Asteroko hitz hitzordu honetan, udako garaia ere hor dugu, nahi edo ez gure gozotasunerako tirria oraindik argitzen diguna. Begien bistan dugu Josu Uribetxebarria euskal presoaren irri polita Donostiako Ospitalean, poliziarik gabe dela ganbarako ate aurrean, azkenean. Hor ere aste honetako argazkia, BERRIAn, Hernaniko hamar gazteena Auzitegi Nazionalean justizia izan behar litzatekeenari begirada hotza ematen. Eta hainbat irudi, denak ari bata bestearen zangopilatzen, uda betiko gerren garaia dela gogorarazi nahi balute bezala... Bolbora txinpartaren itxaroten ari balitz bezala. Si vis pacem para bellum erromatarren eslogana itzultzen ari zaigu. Hemen ziur aski batzuek uste dute Hertzainak musika taldearen asmakizuna zela. Zorigaitzez, lau haizeetara prestatzen ari dira denak, gure gizadi arraza agresibo predatzailea tristeki ilustratzen duten horiek guziak. Erantzun daitekea Heriotza, non duk hire garaipena?, Daniel Rops idazlearen liburuaren titulu honekin?

Bihar ofizialki piztuko den larrazken eztian berdin gure konfiantza jarriko dugu, furfuria guzien zikloaren jabaltzeko garaia dela erakusten baitigu, eguzkiaren inguruan gure planetak daraman 100.000 kilometro orduko abiadura handiko ibileran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.