Maratila

Txolarreak

Xanti Leone
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Behin, eskolan lanean ari nintzelarik, txolarre bat leihotik sartu, nire ondoko kristalaren kontra sekulako zanpetako hartu eta konorterik gabe erori zen nire aitzinean. Lehen mementoko ikara pasatutakoan, harengana hurbildu nintzen. Ez zen txolarre normala: begi gorriak zituen. Tupustean, jauzi egin zidan aurpegira, eta sudurzulotik sartu zitzaidan. Buruan daukat orain. Gauez, piko egiten dit burmuinean, eta ez dit lokartzera uzten.

Horrelakoetan, film japoniarrak ikusten ditut (Tokyo gore police, The machine girl, Robo-geisha), baina egun hauetan Espainiako erregeaz oroitzen naiz, gazteen langabezia dela-eta ni bezala lo ezinak joa. Deitu egin nion egun batean. Haren irudiaren arduradunak hartu zidan telefonoa. Hasmentan, erregearen boza imitatzen saiatu zen, baina arrunt gaizki egiten zuen. Hondarrean, aitortu behar izan zuen: erregea lo seko zegoen, kostata ulertarazi zioten zer den langabezia eta zer den lana («a, baina zedbait egiteagatik ematen dzaio didua jendeadi, eta ez jatod-jatoda izateagatik?», harritu omen zen), eta eginahalak egin behar izan zituzten langabeziak eragindako lo faltarena bota zezan. Kontua da, hain gogo handiz hots egin ondoren, ezin mintzatu izan nintzela monarkarekin.

Orain, urduri sumatzen dut nire txolarre eroa. Zenbaitetan, bihotz aldera mugitu eta zimiko mingarriak egiten dizkit. Gaur, lokartu ezean, Jose Iribasi deituko diot. Naski otoitzean harrapatuko dut. Edo, bertzenaz, Iñigo Aranbarriren Löcher im Wasser irakurtzen. Alemanez. Hain da unibertsala gure kontseilaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.