Orain dela hiru urte, Hego Koreako telesail bat fenomeno bilakatu zen mundu osoan: Squid Game. Arazo ekonomikoak dituzten ehunka pertsona modu bortitzean aurrez aurre jartzen dituen lehiaketa bat du oinarri.
Iritsi da bigarren denboraldia —euskarazko azpidatziekin ikus daiteke—, hiru urte geroago girotua. Gi-hun protagonistaren helburua lehiaketara itzuli eta hari betiko amaiera ematea izango da. Entretenigarria da, eta lehen zatiak zituen zenbait bertute ditu, baina hark harritzeko zuen gaitasun hori ezabatu egin zaio. Niri ez zait askorik gustatu, baina ikustaldi datu onak ditu.
Europa iparraldeko herrialdeetatik datozen nordic noir-ekin gertatzen den antzeko zerbait gertatzen ari da telesail horrekin: Danimarka, Suedia eta Norvegia arrakasta handiz ari dira ekoizpenak mundu osora esportatzen. Gu guztiok idealizaturik daukagun gizarte horrek miseriak ere badituela nabarmentzen duten istorioak jorratzen dituzte, batik bat. Eta benetako beldurra, gure lasaitasuna eten dezakeen beldurra, bizi ditugun garai latzetan topa dezakegula. Squid Game telesailaren alderdirik interesgarrienetarikoa ere antzekoa da: thrillerra da, bai; akzioa, beldurra, odola eta umorea ere baditu, baina Koreako gizartearen erradiografia txiki bat egiten du batez ere.
Ekoizpen horren aitzakiaz, lerro batzuk Hego Koreako ikus-entzunezkoei buruz: nahiz eta zenbait lani esker —Squid Game, Kingdom etaParasite, esaterako— munduan arrakasta itzela lortzen ari diren, Koreako generoko ikus-entzunezkoak ez dira inoiz ikusle korearraren gustukoenak izan. Beldurra, fantasia eta thrillerrak azken postuetara baztertu ohi dituzte —animazioaren eta zinema erotikoaren gainetik soilik; beraz, pentsa—. Lehen postuetan, melodramak, zinta erromantikoak eta komediak egon ohi dira.
Nik neuk, ekialdeko zinemaren eskaintza zabalean, Koreako thrillerrak ditut kutunak. Ezagunak dira indarkeria esplizituki agertzeko duten zaletasunagatik, baita umore beltzarekin nahasteko duten ahalmenagatik ere. Teknikoki bikainak izaten dira, gidoi sendoak dituzte oinarri, eta indarkeria esplizitua gainezka duten sekuentzia bortitzak. Memories of Murder, The Chaser, The Vengeance Trilogy eta Mother, adibidez,harribitxiak dira.